Kotizazio aldia 20 urtera luzatzeko akordioa gertu ikusten du PSOEk

Urtea bukatzerako pentsio sistemaren erreforma prest izan nahi du Madrilek, baina akordio orokorra urrun dago oraindik

2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Behin finantza sektorearen eta lan merkatuaren erreformak eginda, iritsi da pentsio sistema moldatzeko garaia. Ez du lan makala izango Espainiako Gobernuak, kostako baitzaio berak nahi bezain akordio «zabala» egitea. Gai polemiko asko ukituko ditu erreformak, erretiro adina, pentsioak jasotzeko kontuan hartzen den kotizazio aldia eta gutxienez kotizatu beharreko denbora kasu. Oraindik ez dute ezertan ados jartzea lortu, baina, kotizazio aldia luzatzea izango daziurrenik hitzartzea lortuko duten aurrena.

Udako geldialdia igaro eta gero, atzo bildu zen Espainiako Kongresuan Toledoko Itunari jarraipena egiten dion mahaia, Espainiako Gobernuaren proposamena aztertzeko. Alderdien artean desadotasunik handiena erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratzeko kontuak sortzen du. Aldiz, badira akordiotik hurbilago dauden kontuak. «Pentsioak kalkulatzeko kontuan hartzen den aldia 15 urtetik 20ra luzatzearen inguruan dago adostasunik handiena», Isabel Lopez i Chamosa PSOEko diputatuak hitzetan. PSOE, CiU eta EAJ ados egongo lirateke horretan, eta litekeena da PP ere hala egotea. Atzoko bilera, ordea, inolako akordiorik gabe bukatu zuten, eta, alderdi sozialistako iturriek jakinarazi dutenez, datorren asteetarako ere ez dute akordio orokorrik espero.

Hiru hilabete negoziatzeko

Hilabeteak dira Espainiako Gobernuak pentsioen erreforma zetorrela iragarri zuela. Duela egun batzuk, berriz, urtea bukatzerako lege proiektu batean jasota ikusi nahi zuela adierazi zuen. Hiru hilabete baino ez dira gelditzen, eta denbora horretan sindikatuak eta patronala konbentzitu beharko ditu, eta alderdiekin ados jarri beharko du.

PSOErentzat ez da eztabaidagarria erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratzeko kontua. Progresiboki egin behar dela uste du, baina ezinbestean egin behar dela. Aldiz, gainerako alderdi gehienen irudiko, borondatezkoa izan behar luke horrek. IUk, esaterako, dagoeneko adierazi du kontra dagoela. Gaspar Llamazares alderdi horrek Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, IU «ez da pentsiodunen eskubideak murrizten dituen inongo akordiotan egongo».

Tomas Burgos PPko diputatua eszeptiko samar agertu da negoziazioen inguruan, mahai gainean akordioa zailtzen duten elementu asko daudela uste duelako. «Pent sioak izoztuta eta kutxa bakarra hautsita, Gobernua ez da betetzen ari egun indarrean dagoen Toledoko Ituna». Eta hori, edozein akordio egiteko oztopo handia dela uste du.



Pentsioen erreforma

KONTUAN HARTZEN DENA

Erretiro pentsioa kalkulatzeko bi gauza hartzen dira kontuan:

Kotizatutako urteak. Orain, erretiro pentsioa jaso ahal izateko, gutxienez 15 urtez kotizatu behar da. Hala, soldataren erdia jasotzen du erretiratuak. Aldi hori luzatu ahala, pentsioa ere handitu egiten da: 15 eta 25 urte bitartean, urtean %3; hortik gora %2. Pentsio osoa jasotzeko, 35 urtez edo gehiagoz kotizatu behar da.

Soldata eta konputu aldia. Erretiro pentsioa kalkulatzeko kotizatutako azken 15 urteak hartzen dira kontuan. Denbora gehiagoz kotizatu duenak pentsio handiagoa jasotzen du. Zenbat eta soldata handiagoa , pentsioa ere hobea izango da.

SISTEMAREN ARRISKUAK

Espainiako Bankua. Jaiotza kopurua txikitzeak eta bizi-itxaropena luzatzeak etorkizunera begira eutsiezin egiten dute egungo pentsio sistema Espainiako Bankuaren arabera. 2060an, erretiroa jasotzen ari direnak lanean ari direnak baino %60 gehiago izango direla dio.

Europako Batzordea. Orain erretiratu bakoitzeko lau langile badaude, 50 urte barru bi baino ez direla egongo dio Bruselak. Egun, Espainiak, BPGaren %7,6 erabiltzen du pentsioetarako; 15 urte barru %14 izango da.

Zorra saldu ezin. Krisirik ez izanda ere, pentsio sistema erreformatu egin beharko zen. Baina, krisiak hori aurreratu egin du, Madrilen hitzetan. Izan ere, Espainiak eutsi ezinezko pentsio sistema duela jakiteak, herrialdearen zorra garestiago egiten du.

MADRILEN PROPOSAMENA

Erretiro adina atzeratzea. 65 urtetik 67ra atzeratu nahi du erretiroa hartzeko adina. Egun, aurre erretiroak direla tarteko, 63 urtean dago batez besteko erretiro adin erreala.

Konputu aldia luzatzea. Europako Batzordeari duela hilabete batzuk bidalitako proposamenean pentsioak kalkulatzeko kontuan hartzen den aldia 25 urtera luzatzea proposatzen bazuen ere, 20 urtera luzatzea negoziatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.