Enplegua

Kotizazioen tarifa finkoak lanaldi partzialak sarituko ditu

Lan jardunaldi osoa ez duten lanpostuei beherapen handiagoa egingo die Espainiako Gizarte Segurantzak.

Bañez, Saenz de Santamaria eta De Guindos, gaur. CHEMA MOYA, EFE
Ivan Santamaria.
2014ko otsailaren 28a
10:43
Entzun

Kontratu mugagabe berrien kotizazioentzat ehun euroko tarifa laua iragarri zuen asteartean Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Gaur, neurri hori martxan jartzeko lege dekretua onartu du Ministro Kontseiluak. Tarifa lauaren xehetasunetan, gainera, lanaldi partziala bereziki saritzeko asmoa dago.

Azkenean, tarifa laua soilik kontingentzia arrunten kotizazioei ezarriko zaie. Gaur egun, enpresek %23,6 ordaintzen dute kontzeptu horretan. Langabezia eta formakuntza kontzeptuetan enpresak ordaintzen duena ez da tarifa berrian sartuko.

Kontratu mugagabe berriek edo finko bihurtzen diren aldi baterakoek jasoko dute laguntza. Tarifa bi urtez izango da indarrean, baina kontratuek gutxienez hiru urte iraun beharko dituzte. Gainera, laguntza baliatu nahi duen enpresak enplegu garbia sortu beharko du. Hau da, langile kopurua handitu beharko du. Baldintzak betetze ez badira, jasotako beherapen osoa bueltatu beharko dute enpresek.

Lanaldi partzialari bultzada eman nahi dio gobernuak. Hala, lanaldi oso batean kontingentzia arrunten kotizazioa 100 euro izango bada, lanaldia murriztu ahala gutxiago ordainduko da. Lanaldia %75 izanez gero, 75 euro, eta %50 izanez gero, 50 euro. Lanaldi osoa (astean 30 ordu gutxienez) ez duten enpleguak ugaritu dira lan erreforma onartu zenetik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan honezkero sei soldatapekotik batek ez du lanaldi osorik, eta 2013ko azken hiruhilekoan sortutako lanpostuen erdia partziala izan zen, EHUko azterketa baten arabera. Prekarietate molde berria ere badira lanaldi patzial horiek, kasu gehienetan behartutako erabakia direlako, eta ez langilearen borondatea.

Iragarritako beste baldintza bat ere lausotu du Ministro Kontseiluaren tramiteak. Aurreko sei hilabeteetan kaleratze bidegaberen bat egin duten enpresek ezingo zutela laguntza baliatu iragarri zen. Azkenean, ordea, denbora oraintxe hasiko da kontatzen. Hots, neurria indarrean sartu aurretik langileren bat bidali duten enpresaburu guztiei ere ireki zaie aukera. Sei hilabete barru indarrean sartuko da muga.

Neurria edozein enpresari eta edozein langileri zuzenduta dago. Enpresa txikienentzat, 10 langile baino gutxiago dituztenentzat, beste pizgarri batekin osatuko zaie. Kontratuaren hirugarren urtean tarifa laua desagertuko da, baina horren ordez kontingentzia arrunten tarifaren erdia baino ez dute ordaindu beharko (%11,8).

Fatima Bañez Espainiako Lan ministroak eman du neurriaren berri. Tarifa lauaren bidez enplegua sortuko dela ziurtatu du. Hori bai, nolako eragin ekonomikoa izango duen artean ez dutela kalkulatu onartu du, ezta ere espero den kontratu berrien kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.