Prezioek behera egin dute uztailean Hego Euskal Herrian. INEk plazaratutako datuek Kontsumo Prezioen Indizea %0,7 jaitsi dela adierazi dute, baina jaitsiera hori ez da berdina izan lurralde guztietan. Prezioak Bizkaian eta Gipuzkoan jaitsi dira gehien: %0,7. Araban eta Nafarroan, aldiz, KPIa %0,6 jaitsi da.
Datu horiek kontuan izanda, urte hasieratik uztaila bukaera arte prezioek honako bilakaera izan dute: %1 igo dira Bizkaian, %1,3 Araban, eta %1,4 Nafarroan eta Gipuzkoan. Azken hamabi hilabeteetako prezioak erreferentziatzat hartuta, Hego Euskal Herrian inflazioa %3,2koa da. Lurraldeen artean Arabak du inflaziorik altuena, %3,4a. Bizkaia hurrengoa da, eta% 3,3ko tasa du. Nafarroak eta Gipuzkoak Hegoaldeko inflazio bajuena dute, %3,2ko eta %3,1ko tasa.Ez dira prezioak jaitsi sektore guztietan . Udako beherapenek jantzi eta oinetakoetan eragin nabarmena izan duten arren, hotelek, garraioek eta etxebizitzek euren prezioak igo dituzte. Hego Euskal Herrian jantzien eta oinetakoen prezioak %8 eta %14 bitartean jaitsi dira uztailean eta sukaldeko tresneria %4,4 merkatu da. Kultura eta astialdia, berriz, %0,5 garestitu dira; uztailean gehien igo den arloa izan da.
Garraioa igo da gehien
Dena den, urte guztiko prezioei erreparatuta, garraioak, etxebizitza, alkohola, tabakoa eta kafea, inflazio handieneko produktu edo sektoreak dira. INEren arabera, garraioak %5eko inflazioa du, sektoreetan altuena. Alkoholak, tabakoak eta etxebizitzak %4,9ko tasa dute; hotelak eta kafeak, %4koa.
Inflazioaren uztaileko joera ikusita, sindikatu eta erakundeek petrolioaren igoerak inflazioan izango duen eragina azpimarratu dute. ATA, Espainiako langile autonomoen federazioaren ustetan, petrolioaren azken asteotako igoerak energia eta erregaietan eragiten duenean inflazioa igoko da. Ondorioz, Madrilgo gobernuari inflazioaren aurkako «berehalako neurriak» hartzeko eskatu dio.Nafarroako UGTk petrolioak eta nazioarteko ezegongortasun politikoaren ondorioak jakiteko goiz dela esan du, baina inflazioaren kontrako neurriak exijitu dizkio gobernu zentralari. Nafarroako CCOOk, berriz, petrolioarekin itsutu gabe, elikagaiak etengabe igotzen ari dela azpimarratu du eta inflazioaren aurkako neurriak exijitu dizkio Espainiako Gobernuari.Petrolioaren prezioak markak hautsi zituen atzo. Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen upela 40,08 dolarrera iritsi zen; Brent upelak, berriz, 42 dolarreko muga hautsi zuen lehen aldiz, eta Texaskoa %2 igo zen: 45,54 dolar.
KPI HEGO EUSKAL HERRIAN. Uztailean prezioak %0,7 jaitsi dira Hegoaldean
Bizkaiko eta Gipuzkoako KPI gutxitu da gehien; batik bat, jantzien eta oinetakoen beherapenek eragin dute jaitsiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu