Martxoko prezioetan hasi zen nabaritzen geldialdi ekonomikoa, eta are gehiago islatu da hori apirilekoetan. Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 0,2 jaitsi da. Oinarrizko produktuak oro har iazko apirilean baino %1,2 merkeago daude —2016ko uztailetik lehena aldia da urte arteko inflazioa negatiboetan dagoena. Urtea hasi zenetik, prezioek %1,8 egin dute behera. INE Espainiako Estatistika Institutuak eman ditu datuok.
Konfinamenduaren ondorioak gehien nabaritu diren alorretan islatu da prezioen jaitsiera, bereziki, garraioetan (-%3,1) eta, horrekin lotuta, baita erregaietan ere (-%2). Urtea hasi zenetik, are nabarmenagoa da erregaien prezioen jaitsiera (-%3,2), baina azken asteetan joera hori moteldu egin da, sektore batzuetan jardunera itzultzearekin batera. Dena den, litro gasolioaren batez besteko prezioa 2016ko apiriletik izan duen mailarik apalenean dago.
Aldiz, elikagaien prezioek gora egin dute. Martxokoekin konparatuta, %1; eta urte hasi zenetik, %2. Jantzien prezioetan nabaritu da gehien igoera, martxoko datuekin konparatuta, %10 garestiago.