Hego Euskal Herrian puntu erdi egin du gora KPI kontsumo prezioen indizean azaroan aurreko hilabetearekiko, eta iazko azaroarekin konparatuta %1,5 egin du gora. Horrela, urriko kopuru berari eutsi dio urte arteko tasan.
Lurraldeka, Araban garestitu dira gehien prezioak iazko azaroarekin erkatuz gero (%1,7), eta Nafarroan gutxien (%1,2). Bizkaian, ostera, %1,5 egin dute gora prezioek, eta Gipuzkoan %1,6.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, arroparen eta zapaten prezioak garestitu dira gehien: %4 urritik azarora, eta %0,3 iazko azaroaz geroztik. Urtea hasi zenetik, %3,8koa da garestitzea sektorean. Etxebizitzen prezioak ere gora egin du azken hilabetean (%0,9), eta urtebetean %2,3 garestitu dira. Garraioaaren KPIa, halaber, %0,8 igo da urritik azarora, eta %3,7 iazko azarotik. Garestitu egin dira, baita ere, medikuntzako prezioak (%0,2 hilabete artekoan, eta %0,4 urte artekoan), eta hezkuntzakoak (%0,2 hilabete artekoan, eta %1,6 urte artekoan).
Prezioak jaitsi egin dira, berriz, hotelen, kafetegien eta jatetxeen sektorean azaroan (-%0,5), nahiz eta urte arteko tasan %1,7koa izan igoera. Antzekoa gertatu da aisialdian eta kulturan ere: %0,4 merkatu dira prezioak urritik azarora, baina %1,7 garestitu azken hamabi hilabeteetan. Eta janarien eta alkoholik gabeko ederien kasuan ere, paretsu: KPIa %0,2 txikitu da hilabetean, baina %1,8 handitu urtebetean.
Nafarroaren kasuan, ostera, sektore gehienetan egin du gora KPIak:esate baterako, arropa eta zapatetan (%8,4 hilabete artekoan; %0,9 urte artekoan), etxebitzan (%1,3; %2,6), garraioan (%0,9; %2,6), komunikabideetan (%0,1; %0,4), eta hezkuntzan (%0,1; %0,6).