Pentsiodunak "muturreko egoeran" daudela dio EH Bilduk, eta horren aurrean "sistema propio eta subirano" baten alde egin behar dela. Maddalen Iriarte koaliziko bozeramaileak azaldu du Eusko Jaurlaritzak pentsioek KPIa adinako igoera izatea bermatzeko ekinaldi bat abiarazi dutela. EH Bilduk garbi dauka "ezin dela zain egon" pentsioen sistema propio bat lortu arte, eta "urgentziazko neurriak" hartu behar direla. "Espainiak esaten duena esaten duela, Jaurlaritzak badauzka tresnak", esplikatu du Iriartek, pentsio "duinak" bermatzeko.
Madrilek pentsioak igo dituen "%0,25 iraingarria" gainditzeko legez besteko proposamena aurkeztuko du EH Bilduk legebiltzarrean. KPIa %1,1ean dagoela gogoratu du Iriartek eta horrek etorkizunean %13 eta %15 arteko galera ekarriko diela pentsiodunei erosteko ahalmenean. EH BIlduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak esan du "onartezina" dela egoera hori, eta Eusko Jaurlaritzari proposatu dio osagarri bat abiaraz dezala; pentsioek KPIa adinako igoera izatea du helburu koalizioaren egitasmoak.
DSBEaren eta beste hainbat tresnaren bidez
Diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez eta beste hainbat babes tresnaren bidez egin daiteke igoera hori, EH Bilduren arabera. Lau urteren buruan pentsio txikienak gutxienez 1.080 eurokoak izatea nahi du koalizioak.
EH BIlduk Legebiltzarrean martxan jarri nahi duen beste ekinaldiak pentsioen eskuduntzarekin dauka lotura. Eskumen hori transferitzeko "egutegi itxia" galdegin beharko lioke Gasteizko parlamentuak Espainiako Gobernuari, eta legebiltzarrak eskaera hori egin dezan lanean hasiko da. Transferentzia eskatzeak "ez du esan nahi pentsioen sistema propioari uko egiten zaionik", Leire Pinedo EH Bilduko beste legebiktzarkideak azaldu duenez, "euskal gizartearen ongizatean oinarrizkoa baita hori".