World Economic Outlook txostenaren atal nagusiak aurkeztu zituen NDFk, atzo, Washingtonen. Hor, 2010 eta 2011 urteetara begirako aurreikuspen ekonomikoen berri eman zuen erakundeak. Heldu den urtean munduko produkzioa %4,2 haziko dela espero du, aurten baino sei hamarren gutxiago. Uztailetik hamarren bat jaitsi da prebisioa, halaber. Urteko lehen erdian hazkundea uste zena baino bizkorragoa izan da (%5,25), baina bigarren erdian eta 2011ko lehen partean nabarmen motelduko da.
Orekarik gabeko susperraldia izaten ari da. Ekonomia aurreratuetan oso motela izaten ari den bitartean, garatzeko bidean dauden herrialdeek askoz indar handiagoa agerian utzi dute. Datuetan ikusten da alde hori: 2011 urtean ekonomia aurreratuak %2,2 haziko dira, eta garatzeko bidean dauden herrialdeak, %6,4.AEBentzat iragarritako aurreikuspena nabarmen okertu da uztailetik hona, batik bat etxebizitza sektoreko arazoen eta langabeziaren ondorioz. Kontrako bidean dago Alemania, hobekuntza oso esanguratsu batekin, ia bi puntukoa aurten. Horri esker, euroguneari dagozkion prebisioak ere hobetu dira.
Asia da produkziotik tiraka egiten ari den lurraldea. Ia %8 haziko da aurten, Txinak edo Indiak krisiari eman dioten erantzun indartsuari esker. Sektore pribatuak ekonomia gidatzeko ardura hartu du herrialde gehienetan. Mexiko kenduta, Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako ekonomia gehienek ere hazkunde esanguratsuak izatea espero du funtsak.
Ekonomiaren ahuleziak ondorioak izango ditu lan merkatuan, batez ere AEBetan eta Europako Batasunean. Oro har, langabezian ez da ia jaitsierarik sumatuko. 2007. urtetik, 30 milioi pertsonak lanpostua galdu dute, %75 herrialde aurreratuetan. Datorren urtean, 210 milioi pertsona baino gehiago beharrik gabe egongo direla adierazi du NDFk, eta arazoa «erronka ekonomiko eta sozial itzela» dela ohartarazi du. Espainiak du, ekonomia nagusien artetik, prebisiorik eskasena (%19,3).
Desorekaren korapiloa
Orekarik gabeko susperraldia dela azpimarratu zuen Olivier Blanchard NDFko Ekonomialari buruak. Bi prozesu gertatzen ari dira aldi berean, eta horien emaitzek munduko ekonomiak hartuko duen norabidea baldintzatuko dute. Lehenik eta behin, herrialde bakoitzak barne mailako oreka berreskuratu behar du. Hots, gobernuek eta pizgarri fiskalek bultzatutako hazkunde batetik, kontsumo pribatuan eta inbertsioan oinarritutako eredu batera pasatzea.
Bigarrenik, nazioartean herrialdeen arteko desorekak gainditu behar direla uste du NDFk. Laburbilduz, horrek esan nahi du ekonomia aurreratuek -batez ere, AEBek, baina baita Europako herrialde batzuek ere - ezin dutela zorraren bidez finantzatutako kontsumo pribatutik soilik hazi. Era berean, balantza komertzialean superabita duten herrialdeek -Txinak edo Alemaniak- barne mailako eskaintza indartu eta gehiago kontsumitu beharko lukete.
Esatea egitea baino errazagoa da, ordea, inork ezin dituelako herrialdeak behartu NDFk gomendatutako politika ekonomiko horiek egitera. Hala ere, G20ko taldearen barnean eztabaidatu eta adostu beharreko auzia dela defendatu zuen Blanchardek. «Herrialde bakoitzaren onerako litzateke oreka berreskuratzea, eta ezinbestekoa da munduan susperraldia finkatzeko». Diru ezberdinen arteko harremanetan aldaketak beharrezko ikusten ditu oreka bermatzeko: yuan indartsuago bat, dolar ahulago batekin batera.
Nazioarteko koordinazioa funtsezkoa izango da, Blancharden ustez. «Herrialde aurreratuetan hazkundea moteldu edo geldituko balitz, garatzeko bidean dauden herrialdeek zaila izango lukete horri buelta ematea». Ekonomia aurreratuetan lehentasuna defizit publikoa murrizteak duela uste du NDFk, zor publikoari buruzko zalantzek hazkundea hondoratzea posible delako. Baina horretarako barne eta kanpo eskaera indartsuagoa behar dute.
Gastu publikoa mugatzeko gomendioak baditu bere ñabardurak, dena den. Helburua bera izanik ere, herrialde bakoitzaren egoerak erritmo ezberdinak eskatuko lituzke. Hazkundea asko txikitzen bada, erabakitako murrizketak berriro aztertzea edo atzeratzea ontzat jo du NDFk, baina ez kasu guztietarako. «Irlandak edo Greziak aurrera egin behar dute hasitako bidean, ez dute beste aukerarik», onartu zuen Blanchardek, atzeraldian sakontzea esan nahi badu ere.
Diru politika agintzen duten erakundeei ere mezu bat helarazi die funtsak. Txostenaren arabera, diruaren prezio merkeak ez dira ari beste aktibo edo sektoreetan burbuilak puzten. Edozein moduz, arriskuak ikusiko balira, interes tasak igotzea baino lehen, bestelako neurri makroekonomikoekin saiatzea da NDFren aholkua. Hori bai, diru politikaren bidez susperraldiari laguntzeko zeuden aukerak honezkero erabili dira.
Zor publikoaren krisia ez da ekonomiak aurrez aurre duen arrisku bakarra. Herenegun finantza sistema ez dela erabat osatu eta bankuak oso ahul jarraitzen duela ohartarazi zuen fun tsak, beste txosten batean. Bihartik aurrera munduko ekonomia elkarrekin aztertuko dute NDFk eta Munduko Bankuak.
Hobekuntza gidatzeko lau gako
DIRU POLITIKARI EUTSIInteres tasei eutsi. Eskaera pribatua oraindik ahula den tokietan -batez ere, AEB eta Europa- banku zentralek diru politikari eustea. Diruaren prezio merkearen ondorioz, arrisku edo burbuilarik ez dela sortzen ari ondorioztatu du NDFk, baina, arriskuak agertuko balira ere, interes tasak ez igotzea aholkatu du, eta horren ordez bestelako neurriekin saiatzea.
FINANTZAK ERREFORMATU
Sektorea osatu. Beharrezkoa den herrialdeetan, gobernuek aurrera jarraitu behar dute finantza sistema erreformatzen eta bankuak saneatzen. Banku askok oraindik ere kapital gutxiegi dute, eta kreditu falta eskaeraren atal batzuk itotzen ari da. Finantza sistemaren erreforman aurrerapausoak izan dira, baina zalantza batzuk argitu gabe daude oraindik: porrot egiteko handiegiak diren erakundeekin zer egin, araudia noraino zabaldu behar den eta estatuz gaindiko auziei nola erantzun. Funtsak ziurtatu du erreformari buruzko zalantzak ahalik eta lasterrena uxatutahanditu egingo dela finantza sistemak susperraldiari egin ahal dion ekarpena.
DEFIZITA MURRIZTU
Estrategia sinesgarriak. NDFren ustez, funtsezkoena ez da orain bat-batean pizgarri fiskalak kentzea, baizik eta plan sinesgarriak eratzea epe erdira zorra egonkortzeko eta, azkenean, murrizteko. Herrialdeetan organo fiskal independenteak eratzeko aukera ere aipatzen dute txostenean.
BALANTZAK OREKATU
Kontsumoa handitu. Txinari, Indiari eta superabit komertzial handiak dituzten herrialdeei orekatzeko prozesua azkartzea eskatu die funtsak. Toki batzuetan -herrialdea zehaztu gabe-, distortsioek kontsumo txikiegia eragin dute, edo inbertsio gutxi. Distortsio horiek kendu eta kontsumoa nahiz inbertsioa piztea aholkatu du. Atzerritik iristen diren kapitalek bide hori erraztuko lukete, betiere horien eragina orekatzeko dibisa gordailuak handitzen ez badira.
%3,2
Lituania, bizkorren. Eurostaten arabera, EBko 27 estatuetatik, hiru daude atzeraldian: Grezia (-%1,8), Irlanda(-%1,2) eta Luxenburgo (-%0,3). Lituania ari da bizkorren hazten (%3,2). Haren ondotik doaz Alemania (%2,2) eta Estonia, Suedia eta Finlandia (%1,9).%1
Hazkundea Europan. Eurostatek atzo berretsi zuenez, Europako Batasuneko eta euroguneko barne produktu gordina %1 hazi ziren urteko bigarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuta. Hazkunde txikia izanagatik, handiena da 2006. urteaz geroztik.Greziako funtzionarioek greba egingo dute gaur
Austeritate neurrien aurka berriro ere greba egingo dute gaur Greziako langile publikoek. Besteak beste, soldatak %25 gutxitu dizkietela salatuko dute funtzionarioek. ADEDY sindikatuarena arabera, azken hamar urteotan, BPGaren %7ko kostua izan du langile publikoen soldatak, eta kopurua ez da igo.%1
Interes tasak. Europako Banku Zentralak ez du Japoniako Bankuaren bidea jarraituko gaur, eta %1ean utziko ditu interes tasak. Analistek uste dute ez dela aldaketarik izango gutxienez 2011ko urrira arte. Japonian, %0 eta%0,1 artean daude orain, deflazioari aurre egiteko.«Hazkunde aurreikuspenak beteko direla uste dugu, eta horregatik ez dugu plan alternatiborik behar»
JOSE MANUEL CAMPA
Espainiako Ekonomiako Estatu idazkaria
Dibisen arteko gerrarik ez hasteko eskatu du NDFk
Dominique Strauss-Kahn NDFko zuzendariak ohartarazi du dibisen arteko gerra piztu daitekeela, baldin eta gobernu batzuek beren dirua artifizialki debaluatzen jarraitzen badute esportazioak handitzeko. Jarrera horrek, epe luzera, hazkundean «oso eragin kaltegarria» izango lukeela esan du Strauss Kahnek.Greziaren defizita esan baino handiagoa dela dio Bruselak
Apirilean Greziaren defizit publikoa %13,6koa zela iragarri zuen Eurostatek, aurretik Greziako estatistika erakundeak emandako datuak okerrak zirela ziurtatu ondoren. Atzo, Europako Batzordeak aurreratu zuen datu hori ere motz geratuko dela, eta igo egingo dute. Telebisten arabera, %15era iritsi zen.