Krisi garaian ere aberatsenei laguntzea leporatu die ELAk administrazioei

Uste du ondare zerga kentzeak edo sozietate zerga murrizteak ez duela lagunduko krisiari aurre egiten

jakes goikoetxea
2008ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Krisi garaian, zerga gutxiago aberatsenentzat eta kapitalaren errententzat. Krisiaren aitzakian errezeta hori aplikatzea leporatu die ELAk Hego Euskal Herriko administrazioei: ondare zerga kenduz, sozietate zerga murriztuz eta kapital errentei aplikatu beharreko tasa jaitsiz. Krisi garaietan, aldiz, zergen bitartez diru gehiago bildu behar dela nabarmendu zuen atzo Amaia Muñoak, ELAko idazkari nagusiaren albokoak. Horregatik, aldaketa guztiak bertan behera uzteko eta «atzera bueltatzeko» eskatu zuen. Iazko fiskalitate txostena aurkeztu zuten atzo Muñoak berak eta Julene Gabiola ELAko bulego teknikoko kideak.

ELAren arabera, zerga sistema ez da zenbat diru biltzen den bakarrik; baita diru hori nork eta nola ordaintzen duen ere. «Fiskalitatea gizarte ereduaren muinean dago», Muñoaren esanetan. «Zergak jasotzeko moduak herrialde bateko gizarte eredua erakusten du». Hego Euskal Herriaren kasuan, gehien dutenak babesteaeta diru publikoaren bilketaren zama langileen gainean uztealeporatu zien administrazioei.

Hego Euskal Herriko presio fiskala Europako Batasuneko (EB) batez bestekoa, Frantziakoa eta Espainiakoa baino txikiagoa da,«EBko txikienetakoa». ELAren arabera, Hego Euskal Herrian EBko batez bestekoa baino 5.400 milioi euro gutxiago biltzen dira zergetan, 1.971 euro gutxiago pertsonako.

Hego Euskal Herrian EBko batez bestekoa baino txikiagoak dira zerga zuzenekoak, zeharkakoak eta gizarte segurantzako kotizazioak.

ELAk badu aldea azaltzeko arrazoi bat: soldatari ez dagozkien errentetan gertatzen den iruzur fiskal «handia». Lan errenten PFEZaren bitartez biltzen dira zerga zuzenen %60,2 EAEn eta %52,8 Nafarroan. «Iruzur fiskalaren ondorioz», ELAren arabera. 2005ean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) aitortutako batez besteko lan errenta 20.108,5 eurokoa izan zen Hego Euskal Herrian; jarduera ekonomikoek (enpresaburuek, profesionalek eta artistek) aitortutakoa, aldiz, 11.208 eurokoa.

Ikuskaritza gutxi

Bien arteko aldea gero eta handiagoa da, eta ELAk uste du horrek lotura zuzena duela «ikuskatzen egiten den lan urriarekin». Muñoak salaketa gogorra egin zuen: «Lan errentak ez direnek lasaitasun guztia dute iruzurra egiteko. Oso larria da, baina erakundeek ez diote aurre egiten». Iruzur fiskalari aurre egiteko benetako borondatea eskatu zien.

Krisiari aurre egiteko neurri gisa aurkeztu dira ondare zerga kentzea eta sozietate zerga %32,6tik %28ra murriztea -Arabak eta Bizkaiak onartu dute, eta Gipuzkoak bihar eztabaidatuko du-. «Jendea engainatzea» leporatu die ELAk administrazioei. Irabaziak dituzten enpresek ordaintzen dute zerga hori, baina EAEko enpresen ia %71,6k ez zuten zerga hori ordaindu 2005ean, galerak edo 6.000 euro baino irabazi txikiagoak izan zituztelako. ELAk nabarmendu du zergaren tasa %28koa izan arren benetan batez beste %17 ordaintzen dutela.

«Sozietate zerga murrizteak ez du sustatuko ekonomiaren hazkundea», esan zuen Muñoak. «Ondorio bakarra da enpresek zerga gutxiago ordainduko dituztela».Gipuzkoan murriztea onartuz gero, 117 milioi euro gutxiago bilduko dituzte urtero.

120.000 eurotik gorako ondareek ordaindu behar izaten dute ondare zerga. «Benetako dirutzak dituztenek», zehaztu du ELAk. 2005ean 1,5 milioi baino gehiago zituztenek ordaindu zuten jasotakoaren %67. «Beraz», gehitu zuen Muñoak, «hori kentzeak ondare handienak dituztenei egingo die mesede». Zerga hori kenduta, 216 milioi euro gutxiago bilduko dira urtean Hego Euskal Herrian.

TB-TB-->@Informazio gehiagorako: www.mrafundazioa.org/dokumentazio-zentrua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.