Arratsaldeko zazpiak dira. Jende andana batera eta bestera Donostiako Askatasunaren Hiribidean, Gabonetako azken opariak erosten. Baina kalearen erdi-erdian, 30 bat pertsonako taldetxoa dago pantaila bati begira. Herria kalera jartzen du bertan, eta erosketak egitera doazenengan arreta pizten du bertatik ateratzen den musikak.
Ordu horretan eta astearte guztietan hainbat herritar biltzen dira, Banco Guipuzcoanoren aurrean, hiru ordu laurdenez. Herria Kalera ekimenak antolatzen du elkarretaratzea, eta herritarrak eta beharginak mobilizatuz, krisiari irtenbidea eman nahi diote: «Gure indarrak batu behar ditugu arduragabeen, indibidualisten eta banatu nahi gaituzten gainetik», azaldu dute ekimenekoek.
Gabonetako zuhaitza dago taldetxoaren atzean. Antzeko zuhaitz baten azpian askok opariak jasoko dituzte bihar goizean, baina enpresa askok zenbaki gorriak baino ez dituzte jasoko. Egoera horretan dago Andoaingo Cortusa enpresa, adibidez. Astero-astero krisiak eragindako enpresetako langileei ematen die hitza, beren esperientzia ezagutzera emateko. Aurreko asteetan Errenteriako Sabecoko langileak eta Andoaingo Went Thermikekoak egon ziren bezala, atzo Cortusakoen txanda izan zen. Enplegua erregulatzeko dosierrak baldintzatuta daude autogintza enpresa horretako langileak. Eneko Martiarena enpresa batzordeko kideak azaldu duenez, langileak «nazkatuta, beldurtuta eta etsita» daude. Enpresak orain arte erakutsi duen jarrera ikusita, beldur dira orain aurkeztu duten dosierra ez ote den behin betikoa izango. Horregatik, akordioa betetzeko eskatzen diote enpresari.
Hotz egiten du kalean eta bertara hurbildutako jendea berotzeko asmoz ekimenaren oinarriak eta helburuak azaltzen hasi dute elkarretaratzea Herria Kalera ekimeneko kideek. Herritarrak egungo egoeraz kontziente izan daitezen nahi dute, eta, horretarako, testuinguruaren berri eman, eta egoera horretara nola iritsi garen azaltzen dute.
Kapitalismoa errudun
Sistema kapitalista bera egiten dute krisiaren errudun: «Krisia ez da ziklikoa, sistemaren baitakoa baizik. Espekulazioan, diruzalekerian, esplotazioan, krisi ekologikoan eta krisi energetikoan... dago oinarrituta». Gogor kritikatzen dute egungo sistema, eta krisiaren bidez kapitalismoa berrindartu nahi dutela iritzi diote: «Eskuduntzak etekin gehien ateratzen dutenen esku utzi dituzte».
Horri aurre egin ezean egoera okertu egingo dela uste dute; beraz, argi daukate krisi ekonomikotik ateratzeko modu bakarra «kapitalismoa atzean uztea» dela. Hori hobeto agertzen duen bideo bat erakutsi dute. Azaroaren 15ean G-20koen kontra Bartzelonan eginiko manifestazioa da. Krisia aberatsek ordain dezatela eta Kapitalismoa ez da birsortu behar, suntsitu baizik esaldiak eta horien antzekoak irakur daitezke.
Martiarenak bere egoera kontatu ostean, jendeak iritzia emateko txanda iritsi da. Hotzak eragin diela dirudi, baina azkenean hasi dira hizketan batzuk. Batek, esaterako, krisiak herritarrei alde guztietatik eragin diela dio, eta finantzen eta etxebizitza sektoreak aipatzen ditu. Martxoaren 14an hori salatzeko mobilizazioak egongo direla dio. Ekitaldiari amaiera emateko, Forjariak abestia kantatzen dute.
Datorren asteartean Oiartzungo Marmoles Urecheko langileek emango dute euren egoeraren berri, eta, hala, martxoa amaitu arte jarraituko dute langile eta herritarren proposamenak biltzen.
Krisia, erosketa poltsen artean
Herria Kalera ekimenak asteartero mobilizazioak egiten ditu Donostian. Herritarrei eta langileei krisiari buruzko informazioa eman, eta denen artean irtenbideren bat bilatzeko proposamenak biltzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu