Ekonomia suspertzen ari dela da nazioarteko adostasun berria. Egoera, apurka bada ere, hobetzen ari dela. Baikortasun giroa alde batera utzita, ordea, hasi dira krisiaren fakturari buruzko beste begirada batzuk azaleratzen, eta hazkundea bueltatzea ongizatea zabaltzeko bermea ez dela diotenak.
"Krisiaren aurreko hazkundeari etekin gutxien atera ziotenek zama astun bat jasan dute atzeraldian ere bai", dio OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak nazioarteko egoerari buruz egin duen azken txostenean. Krisiaren aurretik zeuden gizarte desorekak sakondu baino ez ditu egin krisiak, eta txiroenak izan dira, kasu gehienetan, ondoriorik lazgarrienak jasan dituztenak.
Errentaren banaketari erreparatu dio OCDEk. Aztertutako 33 herrialdetatik 21etan, aberatsenek galdutako errentaren ehunekoa txiroenek galdu dutena baino txikiagoa da. Leku gehienetan, aberatsenek galera handirik jasan gabe igaro dituzte krisiaren urteak. Ez da gauza bera gertatzen txiroekin. Bi kasu azpimarratu ditu bereziki: Espainia eta Italia. Espainiari dagokionez, populazioaren %10 txiroenak eskura duen errenta %14 hondoratu da krisia hasi zenetik, urtero. Hala, populazio pobreenak bere diru sarreren heren bat galdu du. Beste inon parekorik ez duen ehunekoa da. Aldiz, %10 aberatsenak diru sarreren %1 baino ez du galdu. Italian ere gizarteko herritar pobreenek errentaren %6 galdu dute. Oro har, txiroenen errenta batez beste ia %2 jaitsi da urtero OCDEko herrialdeetan, eta aberatsenena, %0,8.
Ondorioekin kezkatuta dago OCDE. Krisi ekonomikoa krisi soziala ere izan dela ohartarazi du. Orain laneratzeko arazoak dituzten gazteei bizitza osorako galerak geratzeko arriskua ikusten du. Era berean, esparru politikotik behar bezalako erantzunak ez direla eman uste du. "Gizarte babeserako programak jende askoren egoera arintzea lortu badute ere, beste batzuk atzean geratu dira, laguntza oso gutxirekin edo ezer gabe". Europa hegoaldean krisiaren aurretik ere gizarte babesaren sare horiek ahulak zirela nabarmendu du.
OCDEko herrialdeetan 48 milioi pertsona daude langabezian. Gainera, inolako lan errentarik jasotzen ez duten familiak bikoiztu dira Irlanda, Espainia eta Grezian. "Gutxien duten taldeek kolperik gogorrena jasan dute, gazteekin eta seme-alabak dituzten familiekin batera", diote txostenean.
Laneratzeko gastuak, behera
Txostenak herrialdez herrialdeko egoera gainbegiratzen du. Espainiari buruzko iritzian osoko zuzenketa bat egiten dio errenta desorekaren aurka gobernutik egindako politikari. Biztanleko diru sarrerak 2.600 eurotan murriztu ziren 2008 eta 2012 urteen artean, Europako jaitsierarik handienetako bat. Erorketa hori nola banatu den da kezkagarriena. 2010. urtean populazioaren %10 aberatsenak txiroenaren errenta hamahiru aldiz biderkatzen zuen. Hiru urte lehenago zortzi aldiz handiagoa zen errentaren zati hori.
5,8 milioi langabe ditu Espainiak; horietatik %45ek urte bat baino gehiago daramate lanik egin gabe. Laneratzen laguntzeko programen gastua, ordea, ia ez da iristen Europako Batasuneko batez bestekora. Langabeko gastua politika aktiboak sustatzeko izan zuen murrizketa kritikatu du OCDEk: hilero 390 euro zena 160 euro bihurtu da, 2007 eta 2011. urteen artean.
Lehentasuna, pobreak
"Nekez sinestekoa da ekonomiaren susperraldi bat, indartsua izanagatik, nahikoa izango den bere horretan lan merkatuaren krisia eta krisi soziala amaitzeko", azpimarratu dute azterketaren egileek. Hori dela eta, gutxien duten gizarteko taldeei laguntza emateak "lehentasun osoa" izan behar duela adierazi dio Mariano Rajoyren gobernuari. Luzera begirako langabeentzat eta langile pobreentzat gizarte laguntzak "premiaz" indartu behar dira, erakundearen aburuz.
Gizarte laguntzak finantzatzeko modu bat ere proposatu du. BEZ balio erantsiaren zergan tasa murriztua duten produktuei igotzea. OCDEren irudiko, gutxien dutenek gutxiago kontsumitzen dute, eta tasa murriztu horietatik onura gutxiago dituzte. Halaber, murrizketek eta iruzurrak bilketaren %65 galtzea eragiten dute. Diru hori benetan behar dutenei zuzentzea eskatu du, hortaz.
Tasa murriztua duten produktuei zergak igotzeko aukera mahai gainean jarri du gobernuari erreforma proposamen bat aurkeztu dion aditu taldeak. Besteak beste, uraren eta elikagai gehienen BEZa %10etik %21era igotzea proposatu dute. Igoera horrek ez du zerikusirik gizarte laguntzak eta herritar txiroentzako programak indartzeko helburuarekin, ordea.