Ipar Euskal Herriaren iazko egoera ekonomikoa kontrastatua hitzarekin definitu du Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidente Jean Marie Berckmansek. «Kontrastatua», alde batetik, langabeziak gora egin duelako eta, bestetik, enpresek ez dutelako krisia hain gogorki jasan. 2009aren bilan ekonomikoa eta urte berriari buruzko perspektibak aurkeztu zituzten atzo Berckmansek, MIGeko zuzendari Bernard Darretxek eta garapen ekonomikorako zuzendari Peio Olagaraik.
Enplegu kopurua begiratuta, 2008 urteari konparatuz, egoera txartuz joan dela ohartarazi du Berckmansek. Hau da, langabezia tasa iazko urte bukaeran %8,3 zen, eta urtebetean 1,6 puntuz emendatu da.
Nahiz eta aitzineko urteari konparatuz enpresa berrien sorkuntzak gutxiago izan, 1.162 enpresa sortu dira Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan. Bestalde, itxi diren enpresak ere gutxiago izan dira: orotara 585, hots, 2008an baino 85 gutxiago.
«Krisiari buruzko erresistentzia» hori esplikatzeko hiru elementu kontuan hartu ditu Berckmansek: alde batetik, Ipar Euskal Herriko ekonomia «dibertsifikatua izanik», ez du behar sektore nagusi baten lehertzea; horrez gain, enpresen kudeaketa«burutsua, zentzuduna izanik, garai zailei aurre egin diezaiekegu»; eta, azkenik, Ipar Euskal Herriko ekonomia familien kontsumoan oinarritua izanik, eta kontsumoa mantendu dela ikusirik, enpresek aurrera egin ahal ukan dute.
Nahiz eta iaz enpresa gutxiago instalatu, Ipar Euskal Herriak erakargarria izaten segitzen duela azpimarratu dute. Hau da, atzerriko bederatzi enpresa berri agertu dira 2009. urtean; aurreko urtean baino hiru gutxiago. Enpresa horiek 210 enplegu sortarazi zituzten.
Enpresen sorrera laguntzea helburu daukan «ezarpen poloaren» lana azpimarratu du Darretxek.
Espero baino hobeto
Bestalde, Merkataritza eta Industria Ganberak 401 enpresari eginiko galdeketaren emaitzak aurkeztu zituzten atzo. Geroari buruz zeukaten iritzia galdetu zieten iaz arlo guztietako enpresei, eta emaitza bat izan da 2009.urtea hobea izan dela enpresariek iragarria zutena baino.
Adibidez, galdekatuen %29k inbertitzea aurreikusi zuten 2009ko bigarren seihilekorako; azkenean, %37k egin ahal ukan zuten. %45ek errentagarritasuna aurreikusi zuten, eta, azkenean, %62 lortu dute.
Galdekatutako enpresen %51k jakinarazi zuten geroari begira sineskor direla, eta %15 ziren kezkati agertzen.
Aurreko urteari begira, geroari begira konfiantza gehiago dagoela agertzen da inkesta horretan. Adibidez, turismo arloan, 2009ko urtarrilean %44k zuten konfiantza, aurten %50ek; zerbitzuen sektorean, iaz bezala %54k dute konfiantza; eraikuntzaren sektorean, %42tik %54ra igo da konfiantza dutenen tasa, eta merkataritza arloan %43tik %51ra igo da. Hori dela eta, ondorio bat da Ipar Euskal Herriko enpresek aurreko urteari konparatuta konfiantza gehiagorekin hasi dutela urtea.
Dena den, «erne egon behar dela» ohartarazi du Berckmansek, eta azaldu du Ipar Euskal Herriko ekonomia familien kontsumoan oinarritzen denez emendatuz doan langabezia kontuan hartu behar dela.
Bestalde, mundu osoko merkatua ere kontuan hartu behar dela dio. Ipar Euskal Herriko industriaren zati bat (aeronautika, portuko siderurgia eta lerratzearen industria) horretan integratua dagoelako eta mundu osoan gertatutakoak tokiko ekonomian ondorio inportantak dauzkalako.
Azkenik, Merkataritza eta Industria Ganberako presidenteak esan du bankuei eskaturiko maileguak ez direla hain errazki eskuratzen, eta ekonomia eta enpresen finantzaketan ere erne egon behar dela.
Krisia uste baino gutxiago sentitu dute Ipar Euskal Herriko enpresek
Dinamismo ekonomikoa azpimarratu badu ere, geroari begira erne egon behar dela dio Merkataritza eta Industria Ganberak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu