Krisiak ugaritu egin ditu gizarte laguntzei buruzko kexak

Egoera ekonomikoa hobetu arte kexak areagotu egingo direla iragarri du Iñigo Lamarca EAEko arartekoak

Jon Rejado.
Gasteiz
2009ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren ondorioz, gizarte laguntzak eskatzen dituzten herritarren eta administrazio publikoen arteko tirabirak handitu egin dira. Tirabira horiek direla medio, Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak Gizarte Ekintzaren esparruan jaso dituen kexa kopurua ere handitu egin da: gizarte prestazio ekonomikoekin lotutako kexak %38 igo ziren 2008an.

Kexen hazkunde hori krisi ekonomikoarekin lotuta dagoela ohartarazi du Iñigo Lamarca EAEko arartekoak, eta etorkizunean mantendu egingo dela iragarri du: «Etorkizunean egongo den kexen hazkundea saihestezina izango da, tamalez». Kexen «bigarren bolada» bat helduko dela ere azaldu du, langabeziarengatik laguntzak jasotzen dituztenen kopurua handitu ahala. Hori gertatu ahala, administrazioekin sor daitezkeen tirabirak ere igo egin daitezkeela uste du Lamarcak.

Horrez gain, langabeziagatik ordaina jasotzeari uzten diotenak bestelako gizarte laguntza ekonomikoetara jotzeko moduan egongo dira -oinarrizko errenta, gizarte behar larrialdietarako laguntzak, eta abar-; horrek are eta kexa gehiago sor ditzake laguntza horien hartzaileen aldetik. Arartekoak 2008an gizarte prestazio ekonomikoekin lotuta jaso zituen kexak oinarrizko errentarekin eta gizarte behar larrialdietarako laguntzekin zerikusia zuten, batez ere.

2008ko datuen arabera, gizarte behar larrialdietarako laguntzak direla eta, EAEko Arartekoak jaso dituen kexak hiru egoerarekin daude lotuta: laguntzak emateko atzerapena, laguntzen ukatzea eta administrazioek egindako akatsak. Arartekoaren ustez, «ezagunak diren irizpide orokorrak» egon behar dute laguntza horiek banatzerako orduan. Hartara, udalek asmo horietarako dituzten aurrekontuak «objektibotasunez eta zuzentasunez» banatu ahal izango lituzkete premia gehien duten pertsonen artean.

Oinarrizko errentari dagokionez, Arartekoak jasotako hainbat kexa etxebizitza partekatzen den kasuetan sortu dira. Alokairuzko etxebizitza bat partekatzen duten lagunak elkarbizitza unitate bakar baten gisa hartu ditu Administrazioak; hortaz, etxeko diru sarrerak batera zenbatu, eta laguntzak kendu dizkiete askori. «Elkarrekin bizitzeak ez dakar diru sarrerak partekatzea, eta are gutxiago bizimodu komuna izatea», nabarmendu du arartekoak.

Ofizioz egindako lana, gora

Gizarte ekintzaren alorrean gertatutako kexen hazkundea da Arartekoaren 2008ko txostenak agerian utzi duen egoeretako bat. Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen txostena, atzo, Iñigo Lamarcak, eta 2008ko datuak azaldu zituen hedabideen aurrean. Iaz gizarte ekintzaren alorrean aurkeztutako kexa kopurua hazi bazen ere -157 kexa izan ziren-, kexa gehien jasotzen duen arloa herri lan eta zerbitzuena da -158 kexa-. Horien atzetik, Herrizaingoa -141-, funtzio publikoa-128- eta hezkuntza -111- dira kexa gehien dutenak.

Nabarmentzekoa da Arartekoak ofizioz hasitako dosierren hazkundea, %527koa izan baita -2007an 62 izan ziren, eta 2008an 389-. Hazkundea Arartekoak dituen baliabideekin lotuta dagoela azaldu du Lamarcak. Gehienetan babesgabetasun egoeran egoteko arrisku gehien duten sektoreen jarraipena eta ebaluazioaren ondorioz abiatu ditu espedienteak.

Herritarrak administrazioaren jokaera ezegokien aurrean babesteko ahaleginean administrazioen elkarlan gehiagoeskatu du Lamarcak: «Administrazioekin dugun elkarlana hobetuz doa, baina badago zer hobetu; informazio eskaera gehiegi bi alditan egin behar izaten dizkiegu».





Arartekoaren 2008ko txostenaren ardatzak

Hiritarren zalantzak argitu, kexak erantzun, gaiak ikertu, txosten bereziak landu, aholkuen eta gai zehatzak aztertu... Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak administrazio publikotik babesteko hamaika ildo jorratzen ditu Arartekoak. 2008. urtean ohiko gaiak landu zituen, herritarrek eskatuta, edo bere kabuz erabakita, eta etorkizunera begira zaindu beharreko beste hainbat jorratzen hasi zen.

PERTSONA MIGRANTEAK

Zailtasun gehiago iragarri ditu. Espainiako Gobernuaren Atzerritarren Legea aldatzeko egitasmoa «Nazioarteko Giza Zuzenbidearentzat ona ez den albistea» dela deritzo Arartekoak. Pertsona migratzaileen egoera arautzeko eskumena Espainiako Gobernuarena izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoak migratzaileen beharrak asetzeko planak ditu. Plan horiek lehentasuna izan behar dutela deritzo, egungo krisi egoera gorabehera.

Zerbitzuen zailtasunak. HELDU pertsona migratzaileei laguntza juridikoa eta soziala ematen dien zerbitzua ikusteko bisita egin zuen Arartekoak, eta bertara doazenek dokumentazioa lortzeko dituzten arazoak nabarmendu ditu. BILTZEN zerbitzura,kulturen arteko harremanen ikuspegitik ekimenak babestu, koordinatu eta dinamizatzen dituen zerbitzura, ere bisita egin zuen.

Ofiziozko ekintzak. EAEko bikote egonkorren Erregistroan onartzen ez diren izen emateak, migrante adingabeen adina zehazteko prozedurak, horien eskubideen defentsa eta interpretarien sarearen sorreraren beharra landu du.

SEXU BERDINTASUNA

Legeak eta baliabideak hobetu behar. Arartekoaren ustez, emakumeen kontrako indarkeriaren irauteak berak erakusten du lege eta baliabideak hobetu behar direla, biktimak babestuko badira. Hori lortzeko, eragile guztien arteko koordinazioa eskatu du, baita bitarteko eta informazio gehiago ere.

Sexu bazterketa. Arartekoak gizon eta emakumeen arteko berdintasun printzipioan oinarrituta jaso dituen kexak bi esparrutara bideratu dira, gehienbat: sexu bazterketarekin lotutakoak -zenbait gastronomia eta kultura elkarteren ekitaldietan-, eta bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateratzearekin lotutakoak.

GAIXO KRONIKOAK

Buruko gaitzak dituztenen estaldura, garatu gabe. Bereziki ahulak dira buru gaitz kronikoa duten pertsonak, Arartekoaren iritziz. Gaixotasunaren ondorioz, dituzten beharren estaldura ez dago behar bezala garatua eta dauden baliabideetara heltzeko zailtasunak dituzte. Arartekoak txosten bereziak landu ditu 2008an gai horren inguruan, eta gaixo psikikoen elkarteekin ere harremanak izan ditu. Horrez gain, buruko gaixotasunak dituztenek Mendekotasun Legearen laguntzak jasotzeko dituzten zailtasunak aztertu ditu, senideen, profesionalen eta zaintzaileen eskaerak aintzat hartuz.

Gaixotasun arraroen inguruko gogoeta. Pertsona gutxirengan eragina dute gaixotasun horiek, eta ez dira oso ezagunak gizartean. Gaixotasun horiek dituztenen beharretan arreta berezia jartzea, eta sentsibilizazioaren inguruko gogoeta proposatu ditu Arartekoak.

LGBT

Lesbiana, gay, transexual eta bisexualen eskubideak. Nortasunaren garapen librearen, berdintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren eskubideak behar bezala babesteko, eskubide horien urraketari erantzuteko tresnak behar direla uste du Arartekoak. Eskubide horien errespetua sustatzeko hainbat ekimen egin ditu 2008an.

ADINEKOAK

Zerbitzu eta legeen gertuko azterketa. Adinekoen arretan aritzen diren zerbitzu batzuen jarraipena egin du Arartekoak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, adibidez. Horrez gain, Mendekotasun Legea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nola ezartzen ari den aztertu du. Alor horretan probintzien arteko aldeak ere ikusi ditu.

Solaskide. Adineko pertsonen kolektiboek instituzioen aurrean dituzten eskarietan solaskide lana egin du.

ADINGABEAK

Txosten berezia bidean. Arartekoaren 2008 Txostenak 110 orri baino gehiago ditu adingabeen inguruan, baina txosten berezia lantzen ari da gaia «sakon aztertzeko».

Egoera zehatzen azterketa. Adingabeen eskubideak errespetatzen diren ikusteko, egoitzetan hartutako adingabeak, bakarrik dauden adingabe migratzaileak, justiziarekin arazoak dituztenak eta beste hainbat ikusi ditu Arartekoak.

BABESTUTAKO ETXEAK

Mugikortasun urria dutenen kexak areagotu dira. Babes ofizialeko etxebizitzetan eraikuntza akatsen ondorioz sortutako kexa ugari jaso ditu Arartekoak, baina 2008an mugikortasun urria duten pertsonen kexak ugaritu dira. Etxebizitza horiek ez dituzte betetzen irisgarritasunaren gutxieneko baldintzak, Irisgarritasuna Sustatzeko Legeak zehazten dituenak, Arartekoak gaitzetsi duenez.

EZOHIKO TXOSTENAK

Lau txosten 2009rako. Gaur egun bederatzi txosten prestatzen ari da Arartekoa, eta horietatik lau 2009an aurkeztuko ditu. Terrorismoaren biktimen egoerari eta beharrei buruzko ezohiko txostena «ia amaituta» duela azaldu du; datozen hilabeteetan aurkeztuko du.

AHOLKU OROKORRAK

Ingurumen eragina aztertzeko beharra. Hirigintza antolatzeko plan guztiek ingurumen eraginari buruzko azterketa gainditu behar dute.

Erlijio sinesmen ezberdina dutenentzat tokia hilerrietan. EAEko musulmanen eskari nagusietako bat hilerri musulmanak sortzea da. Eskaera horri herriz herriko konponbidea ematea zaila dela uste du Arartekoak. Planifikazio egokia egiteko eskatu die administrazio publikoei, eskaera horri erantzuteko moduan jartzeko.

Etxebizitzaren erregistroa. Erregistroaren ebazpenen tramitazioa eta jakinarazpenak modu pertsonalean egitea aholkatzen du, herritar bakoitzak bere egoeraren berri izan dezan.



EAEkodefendatzaileekin «kolaborazio estua» du

Iñigo Lamarcak argi utzi du kolaborazio estua duela EAEn dauden gainontzeko herritarren defendatzaileekin. Berdintasunerako Defendatzailearekin lankidetza hitzarmena du. Gasteizko Arartekoarekin ere harreman estua duela azaldu du, eta sortzen diren gainontzekoekin harreman hori izatea espero duela.



4.054

Herritarren kontsultak. Guztira 4.054 herritarrek jo zuten Arartekora kexak jarri edo zalantzak eta argibideak eskatzeko, eta horietatik guztietatik %22,6 kexa bihurtu ziren. Kontsulta guztietatik 2.601 probintzia bakoitzean dituen bulegoetan egin zituzten herritarrek.



Jardunaldiak egingo ditu Arartekoak datorren astean

Maiatzaren 19tik 22ra jardunaldiak antolatu ditu EAEko Arartekoak Bilbon. Politika publikoen erronkak demokrazia aurreratuetan lelopean egingo dituzte jardunaldiak Euskalduna Jauregian. Arartekoak, erakunde gisa, 20 urte bete ditu aurten, eta urteurrenaren ekitaldien barruan egingo dituzte jardunaldiok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.