Krisiaren aurkako neurriak, «enpresen mesederako»

ELAk ondorioztatu du Nafarroako Gobernuaren krisiari aurre egiteko 70 neurriak enpresentzako diru laguntzak direla

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Berriki, Nafarroako Gobernuak krisiari aurre egiteko 70 neurri aurkeztu ditu: enplegu, etxebizitza eta zerga arloko neurriak biltzen dira. Orotara, 73 milioi euroko aurrekontua izango dute. ELAk egitasmo horren azterketa egin du, eta ondorioztatu du «funtsean»enpresei lehentasuna ematen zaiela: «Enpresen mesederako diru laguntzak besterik ez daudela frogatu dugu», dio sindikatu abertzaleak. ELAk arrazoitu du plan horretan bilduak diren neurri batzuk lehendik onartuak direla eta horietako batzuk abian direla: «Ez dago inongo berririk, Miguel Sanzen gobernuaren propagandari dagokie. Krisiaren aurka zer edo zer egiten duela itxura eman nahi du, baina ezin».

ELAk dioenez, milioi bat euro enpresaburu elkarteei, sindikatuei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei emango diete. Diru hori jaso duen programaren xedea, berez, langabeen enplegua lortzeko gaitasunak hobetzea izango da, eta, besteak beste, informazioa, prestakuntza eta lanekoak ez diren praktikak eskainiko zaizkie. ELAren ustez, ordea, «gizarte elkarrizketa delakoaren bidez bere politikari babesa ematen dioten erakunde sindikalei eta patronalei milioi bat euro banatu nahi die gobernuak».

Enplegurako laguntzak

Enplegua sustatzeko enpresei laguntzak emango dizkie gobernuak: 1.800 euro kontratu mugagabea izenpetzeagatik, 700 euro kontratu mugatua egiteagatik, 1.100 euro aldi bateko langile bakoitza finko egiteagatik eta 500 eurokoa oinarrizko errenta duten langabeak kontratatzeagatik. 2011n, 320.000 euroko aurrekontua izango du.

ELAk azaldu du adostasun zabala dagoela horrelako diru laguntzek ez dutela enplegurik sortzen: «Politika honi eusteak azalpen bakarra du, enpresei diru publiko gehiago ematea erabakita dagoela etekinak handiagoak izan daitezen». ELAk gaineratu du hilero egiten diren hamar kontratutik bederatzi (%92, egiazki) behin-behineko izanik ez dela zilegi kontratuok diruz laguntzea. «UPNren gobernuak enpresei dirua ematen die prekarietatea areagotu dezaten».

Plan horretan sartu diren zerga politikako neurriak ere salatu ditu ELAk, besteak beste, «elkartasunetik urruntzen den politika» indartzen duelako. Adibidez, orain arte urtean 9 milioi eurora arte fakturatzen duten konpainiak enpresa txiki eta ertain gisa hartu dira kontuan, eta Sozietate Zergan %30eko tasa beharrean %27koa ordaindu dute; orain, hamar milioi eurora arte fakturatzen duten enpresak ere maila horretan sartuko dira. ELAren ustez, zalantzazkoa da 10 milioi euro fakturatzen duen enpresa bat txiki eta ertaina ote den. «Hala ere, are okerragoa da ez dutela zehazten aldaketagatik zenbat diru gutxiago bilduko duen ogasunak».

Azkenik, ELAk nabarmendu du planaren 73 milioi euroak «diru sarrera publikoak handitzeko» erabili behar liratekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.