Irailaren 27an, epaileak bi asterako atzeratu zuen Berangoko (Bizkaia) Kukullaga Goikoa baserria husteko agindua. Gaur bete da epea. Atzerapen hori, ordea, behin betikoa izango da. Izan ere, Bizkaiko EHNEk eta Berangoko Udalak mailegu emailearekin akordioa lortu dute, eta baserriko jabeek han jarraitu ahal izango dute gozamen eskubidea izango dutelako. Sindikatuak prentsaurrekoan emango ditu gaur akordioari buruzko xehetasunak.
2006tik dator kontua. Baserriaren jabeek 25.900 euroko mailegua eskatu zioten Jesus Goiti mailegu emaile pribatuari. Aurrez, aurrezki kutxetan eta bankuetan saiatu ziren, baina ez zuten lortu, adinagatik —70 eta 80 urte dituzte senar-emazteek—. Hiru hilabeteren buruan itzuli behar zuten dirua, %5eko interes tasarekin. Atzeratutako hilabete bakoitzeko, berriz, %29ko interesa ordaintzea onartu zuten, eta berme moduan, 540.000 euro balio duen baserria eta lursaila jarri zituzten.
2006ko azaroan amaitu zitzaien dirua itzultzeko epea, baina ordaindu ez zutenez, desjabetze prozesua jarri zen abian. Mailegu emailea salatu egin zuten baserritarrek, jarritako baldintzak «gehiegizkoak» zirela argudiatuta. Salaketa hori ezerezean geratu zen, 2008an, Berangoko bikoteak notarioaren aurrean mailegu emailea eurekin ongi portatu zela zioen idatzi bat sinatu zuelako. «Une horretan ez zekiten zer ari ziren sinatzen, kontuan hartuz horietako batek ez dakiela idazten, ezta irakurtzen ere», azaldu zuen haien abokatuak, Jokin Txapartegik. Atzera salaketa jarri zien baserritarrei Goitik, salaketa faltsua jartzeagatik.
El Correo-k aipatu duenez, 300.000 eurotik gorako zorra pilatu dute Kukullagako jabeek, eta huste agindua behin-behinean eteteko baldintza bat jarri du mailegu emaileak: jabeek berriro erostea baserria eta haren ondoko bi eraikinak, 200.000 euroren truke. Gaurko ordaindu beharko dute %5, 10.000 euro hain zuen. Gero, abenduaren 31ra arteko epea izango lukete baserritarren zorraren beste zatia finantzatzeko.
Kukullaga Goikoa baserria ez dute desjabetuko
Bizkaiko EHNEk eta Berangoko Udalak akordioa lortu dute Jesus Goiti mailegu emaile pribatuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu