Kutsatuek eta bakartuta daudenek gaixotasun profesionalagatik hartuko dute gaixo agiria

Langile batzuk, artxiboko irudi batean. BERRIA
2020ko martxoaren 10a
16:59
Entzun

Koronabirusak kutsatutako eta bakartze prebentiboan dauden langileek gaixotasun profesionalagatik hartuko dituzte gaixo agiriak, eta ez gaixotasun arruntagatik; diru saria lehen egunetik kobratzeko aukera izango dute, soldataren ehuneko handiago baten truke —oinarri arautzailearen % 75—, eta administrazioaren kontura, enpresen kostuak arinduz.

Erabaki horrekin, Espainiako Gobernuak bakartuta dauden pertsonei buruzko irizpidea aldatu du. Duela bi aste baino gutxiago, Gizarte Segurantzak ohar batean jakinarazi zuen egoera horretan dauden langileek aldi baterako gaixo agiria jasoko zutela gaixotasun arruntagatik.

Horrekin batera, gobernuak Gizarte Segurantzako kotizazioen moratoria bat onartu du, ondoz ondoko hiru hilabeteei dagozkienak, eta eremu geografiko jakin batzuetako enpresentzat eta beren kontura lan egiten duten langileentzat —oraindik ez du zehaztu zein—. Horrek esan nahi du kotizazio horiek urtebeteko epean ordaindu ahal izango dituztela, sortzen direnetik zenbatzen hasita, inolako errekargurik eta interesik gabe.

Koronabirusa dela eta, Espainiako Gobernuak errege dekretu batean jasoko dituen ezohiko neurrietako bi dira horiek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.