ekonomia

Kutxabank-ek bat egin du hipoteka ordaindu ezinik daudenei laguntzeko planarekin

Goizean aurkeztu dute akordioa Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak eta Mario Fernandez Kutxabank-eko presidenteak. Kutxabank-ek hilabeteko epea emango du bitartekaritza sistemak likidazio proposamena aurkezteko.

2012ko maiatzaren 21a
16:02
Entzun

Kutxabank-ek bat egin du gaur Eusko Jaurlaritzak gainzorpetuta daudenei laguntzeko martxan jarri duen zerbitzuarekin. Gaur goizean aurkeztu dute akordioa Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Mario Fernandez Kutxabank-eko presidenteak. 

Hilabeteko epea emango du Kutxabank-ek bitartekaritza sistemak likidazio proposamena aurkezteko, eta epe horretan, ez du auzitara joko etxe kaleratzea eskatzeko.

Kutxabank-ek, bitartekaritza zerbitzuak prestatutako banakako proposamena jasotzen duenean, proposamen hori aztertuko du, baina proposamena ez da loteslea izango erakundearentzat.

Jarraipen batzorde batek aztertuko ditu akordioaren garapenean sortzen diren arazoak. Hitzarmena 2012ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean, baina bertako klausula baten bidez, bi aldeak ados egonez gero, beste urtebetez luzatuko da.

Kutxabank-ek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hipoteken erdiak kudeatzen ditu, eta erakunde horrek bat egin ondoren, posible da gainerako kutxek eta bankuek ere bat egitea.

Maiatzaren 2an eman zuen Jaurlaritzak planaren berri. Horren bitartez, Jaurlaritza bitartekari izango da bankuen eta etxea galtzear daudenen artean. Zerbitzu "integrala" emango die hipoteka ordaindu ezinik daudenei: bitartekaritza, aholkularitza eta "berehalako" alokairua. Bitartekaritza borondatezkoa izango da herritarrentzat nahiz banketxeentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.