Mario Fernandez Kutxabank-eko presidenteak gaur Cebek patronalak egindako biltzarraren ostean adierazi du Espainiako Gobernuak ez duela "sinesgarritasunik", eta uste du Europako Banku Zentralak bere zorra hartzen ez duen bitartean ez duela "ezer egiterik".
Fernandezen arabera, sinesgarritasun ezarekin batera, Europako Batasunaren politika "okerra" da arazoaren erantzulea. Horrekin batera, ohartarazi du murrizketek "amildegi batera" eramaten dutela, eta "esperimentatu" egin behar dela uste du.
Alemaniako Gobernua ere hizpide izan du Fernandez. "Alemania europearra da soilik mesede egiten dionean", adierazi du. Haren arabera, Alemania da "euroak on egin dion lehen herrialdea", eta haren politika aldatzeko ahalegin bat egin beharko lukeela esan du.