kutxen bateratzea

Kutxabank gaur iritsi da kalera eta merkatuetara

Kutxek orain arte bezala jarraituko dute lanean, eta bezeroek ez dute ia aldaketarik sumatuko. 75.000 milioi euroko aktiboa du, 2,5 milioi bezero, 8.126 langile eta 1.349 bulego. Zuzendaritzak gaur egin du lehen bilera, Bilbon. Mario Fernandez izendatu dute presidente, eta zuzendari nagusi, Ignacio Sanchez Asiain.

2012ko urtarrilaren 2a
19:00
Entzun

BBK, Kutxa eta Vital Kutxa elkartu dituen erakundea, Kutxabank, gaur abiatu da. Prozesu luze baten ostean, atzo zuen lehen eguna banku berriak, baina jaieguna zenez, gaur iritsi da kalera eta merkatuetara. 75.000 milioi euroko aktiboa izango du, eta luze gabe bikoizteko asmoa iragarri dute.

Kopuru handiak ditu Kutxabankek. 2,5 milioi izango ditu, hiru kutxa horienak eta Espainiako Cajasur kutxarenak —BBK-k erosi zuen hori—. 8.126 langile izango ditu, eta bezeroek bankua osatu duten kutxek zituzten bulegoak erabili ahal izango dituzte, guztira, 1.349. Kutxek euren izenak eta markak mantenduko dituzte, eta bezeroei begira lehen bezala lan egingo dute; aurrerantzean, ordea, eurek sortutako entitate berriak kontrolatuko ditu.

Presidente, Mario Fernandez; zuzendari nagusi, Ignacio Sanchez Asiain

Mario Fernandez (BBK) izendatu dute presidentea, gaur, Kutxabanken Administrazio Kontseiluaren lehen bileran, Bilbon. Xabier Iturbe (Kutxa), lehen presidenteordea eta Carlos Zapatero (Vital), bigarrena. Erakundeko zuzendari nagusi Ignacio Sanchez Asiain jarri dute. Administrazio Kontseilua osatzeko, EAJk eta PPk akordio bat adostu dute.

Bilduk eta PSE-EEk kritikatu egin zuten aurreko astean EAJren eta PPren akordio hori. Banatuz-ek ere, Kutxaren bezero plataformak, errefusatu egin zuen akordioa. Administrazio Kontseilua hogetik hamabost kidera murriztea erabaki ostean, Banatuz-ek salatu du akordio horrekin "Gipuzkoak, bezeroek eta kontsentsuak" galdu dutela eta "inposizioak, karguan egon nahiak eta botere eta kontrol nahiak" irabazi dutela.

Banatuz-ek dio BBK, Kutxa eta Vitalen batzarretan ordezkariak hogei izango zirela eta EAJ eta PP ez direla ari hitzartutakoa betetzen. "EAJren eta PPren jarrera axolagabeak ez du ezer onik iragartzen", dio Banatuz-ek, eta bi alderdi horien "benetako interesen" gaineko kezka agertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.