Sindikatuak jeltzaleek zabaldutako oharrari erantzun dio Kutxabank pribatizatzeko nahia ez dela ELAk asmatutako kontua: "Mario Fernandezek, Kutxabankeko presidenteak, EAJk izendatua, otsailean esan zuen erakundearen %30 geratuko dela bankuen esku, eta entitate pribatuen esku gainontzekoa; egun %100 dago aurrezki kutxen esku".
Sindikatuak adierazi du "oso larria" litzatekeela Kutxabanken balizko pribatizazioa. "Bidegabeko ebastea litzateke kapital pribatuaren esku uztea 150 urtetan eraikitako ondarea. Botere politikoak garrantzia handiko tresna bat galduko luke, Kutxabank zein motatako erakundea izango den gisako erabakiak kapital pribatu horren esku geldituko bailirateke".
Horrez gain, ELAk kritikatu egin du EAJk esatea sindikatua ezker abertzalearen estrategia jarraitzen ari dela. Sindikatuaren ustez, arreta desbideratzeko estrategia da: "ELAren posizioa alderdien arteko gerra baten erdian jarri nahi du. Mezularia mesprezatu du EAJk, eta ez mezua. Argudiorik ez dutenek lerroak estutzeko modua besterik ez da".