Kutxabank sortzea babestu dute batzarrek

Kutxetako arduradunen eta Bilduren arteko akordioa onartu dute BBKren, Kutxaren eta Vitalen batzar nagusiek

BBKren batzar nagusia, atzo, Bilbon. Mario Fernandez presidentea betaurrekoei eusten ageri da. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Donostia
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
BBKren, Kutxaren eta Vitalen batzar nagusiek kutxek Bildurekin egindako akordioa babestu dute eta azken bultzada eman diote Kutxabank sortzeko egitasmoari. Bertara pasako dute finantza negozioa. Kutxetako presidenteek hitzartu eta batzar nagusiek irailean onartutako integrazio kontratua aldatzea babestu zuten atzo.

Iraileko batzarretan bezala, gainditu zituzten beharrezko bi hereneko gehiengoak: BBKn %92ko babesa lortu zuen(86 alde, bost kontra eta abstentzio bat), Kutxan %95,4koa (84 alde, bi kontra eta bi abstentzio) eta Vitalen %96,8koa (93 alde, bi kontra eta abstentzio bat).

Mario Fernandez BBK-ko presidentea izango da Kutxabankeko presidentea; Xabier Iturbe Kutxakoa lehen lehendakariordea eta integrazioaren arduraduna; eta Carlos Zapatero Vitalekoa bigarren lehendakariordea eta gizarte ekintzen koordinazioaren burua. BBKrena izango da Kutxabanken partaidetzaren %57, Kutxarena %32 eta Vitalena %11.

Berez, Bildu kutxek bat egin eta banku bat sortzearen kontra zegoen. Baina kutxetako presidenteekin negoziatu zuen eta akordioa lortu zuen hiru gairi buruz. Jarrera aldatu zuen. Akordioaren hiru oinarriak hauek dira: kutxek Kutxa Banken jabetzari eusteko konpromisoa; gutxienez irabazien %30 gizarte ekintzara bideratzeko erabakia, ez lehenengo hiru urteetan, guztietan baizik; eta langileek hitzarmen propioa izatea.

Kutxen eta Bilduren arteko akordioak ez ditu guztiak gogobete. Ez ELA, ez Aralar. Biek esan dute ez dagoela jabetza publikoari eta gizarte ekintzari eusteko bermerik, konpromisoak araudien, zuzendaritzaren eta administrazioen erabakien menpe baitaude. Gainera, oraindik ez dute aplikatu lan baldintzei buruzko akordioa, ez behintzat ELAk eta LABek uste duten moduan. LAB horregatik abstenitu zen atzoko bozketetan. ELAk kontra egin zuen.

BBK-k eta Vitalek orain arteko emaitzak jakinarazteko baliatu zituzten atzoko batzar nagusiak. BBK-k 169,6 milioi euro irabazi ditu aurtengo lehen sei hilekoan, iazkoan baino %8,7 gutxiago. Irabazietako 2,1 milioi euro CajaSurrek sortu ditu. Mario Fernandez presidenteak zehaztu zuen iaz baino askoz ere diru gehiago gorde dutela arriskuei aurre egiteko. BBKren berankortasun tasa —CajaSur aintzat hartu gabe— %2,61ekoa da. 40,6 milioi euro bideratu ditu gizarte ekintzara.

Vitalen kasuan, irabazien jaitsiera BBK Taldearena baino handiagoa izan da: 19 milioi euro irabazi ditu urrira arte, iaz baino %20 gutxiago. Hala ere, haren kaudimenaren maila (core kapitala) %13,21ekoa da, sektoreko altuenetakoa. 788 milioi euro ditu erreserbetan. %4,78ko berankortasun tasa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.