Emaitzak

Kutxabankek 218,8 milioi euroko irabazia izan du 2015ean, %45,5 gehiago

Etekinen erdia gizarte dibidendura bideratuko du, guztira 109,4 milioi euro

xabier martin
2016ko otsailaren 27a
10:24
Entzun

Kutxabankek 218,8 milioi euroko etekin garbi bateratuarekin amaitu du 2015. urtea, aurreko ekitaldian lortutakoa baino %45,5 gehiago. CajaSur adarrak 13,3 milioi euroko ekarpen garbia lortu du aurten. "Adierazle makroekonomikoak hobetu diren testuinguruan" lortu ditu emaitzak Gregorio Billalabaitia presidente duen finantza entitateak, nahiz eta bankaren negozioarentzako "baldintzak kaltegarriak" dauden. Merkatuko interes tipoak "oso txikiak" direla gogorarazi zuen atzo presidenteak Bilbon Kutxabankek mila zuzendari elkartu zituen topaketan, "zeroko mailan dago jada interes tipoa", esan zuen.

Baldintza kaltegarri horien gainetik, "marjinen kudeaketan, inbertsio fondoek eta pentsio planek sortutako komisioen hazkundean, bai eta kostuak eusteko politikan"  oinarritu da azken emaitzaren hobekuntza nabarmena. Aldagai horiekin bat egin dute higiezinen merkatuaren "bilakaera hobeak", eta baita maileguren susperraldiak ere.

Hala. Irabazien erdia (ia 110 milioi euro) gizarte ekintzetarako bideratuko du Kutxabankek."Egoera sendoari esker", bere mozkinen banaketa %30etik %50era zabaldu ahal izan du. Administrazio Kontseiluak 109,4 milioi euroko dibidendua banatzeko proposamena egin dio Akziodunen Batzorde Nagusiari, "2014koa erraz bikoiztuta". "Espainiako sistema osoko gizarte dibidendu handiena da", Kutxabankek akziodun dituen banka fundazioen Gizarte Ekintzekin duen "konpromisoaren erakusle".

Hazkundea eta errentagarritasuna

Kutxabankek bete egin ditu Negozioaren Bilakaerako Planean ezarritako helburu nagusiak. Erakundeak uztailean onartu zuen plana, eta 2015-2019 epealdirako kudeaketaren helburuak finkatzen ditu, hazkundea eta errentagarritasuna aurretik jarrita. Kutxabankek 479,3 milioi bideratu ahal izan ditu horniduretara, aurreko urtean baino %17,7 gehiago, eta bi bider baino gehiago handitu du BBK, Kutxa eta Vital fundazioei eginiko ekarpena.

Bankuaren aktibo osoak 58.376 milioi eurokoak izan dira, 2014ko abenduan zuena baino %1,7 gutxiago, "oraindik sistema osoak duen palankatze ezaren eraginpean", nahiz eta erritmo txikiagoan izan. Balantzearen %75 inguru bezeroen maileguei dagokio aktiboaren aldetik, eta pasiboan bezeroen baliabideei. Bezeroekiko negozio bolumena 99.525 milioi eurokoa da, aurreko ekitaldian baino %0,3 handiagoa. 

Bestalde, 2015eko ekitaldiak baieztatu du berankortasunaren bilakaeran 2014an hasitako norabide aldaketa.  Zalantzazkoak %66 txikitu dira aurreko urtearen aldean, eta zalantzazko aktiboen saldoa jarraian murriztu den zortzigarren hiruhilekoa izan da, 1.000 milioi baino gehiago 2015ean. Taldearen berankortasun ratioak hobetzen jarraitu du, abenduaren 31n %8,65koa baitzen, 2014ko urte amaieran baino 203 oinarriko puntu txikiagoa. Higiezinen jarduerari lotutako berankortasuna kenduko balitz, ratio hori %5 baino txikiagoa izango litzateke. Honekin guztiarekin, maileguaren kalitate maila ona dela Kutxabakek, "finantza sektorearen batez bestekoa baino hobea"; abenduan %10,1ekoa zen batez besteko hori.

Kaudimen handiena

Kutxabanken ondare garbia 5.338 milioi eurokoa zen 2015 urte amaieran, aurreko ekitaldian baino %6,2 handiagoa. 2014an kapitalaren gaineko araudi berria jarri zen abian Batasunean, eta kapitalaren zenbatekoari eta kalitateari dagokionean askoz ere zorrotzagoa da legedi orain baina, hala ere, Kutxabanken kaudimen ratioak "alorreko onenak izan dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.