Bigarren urtez jarraian, Kutxabankeko administrazio kontseiluak erabaki du 27,9 milioi euro banatzea bere akziodunen artean. Diru hori izango dute, beraz, BBK-k, Gipuzkoa Donostia Kutxak eta Vital Kutxak gizarte ekintzarako. Kutxabanken estatutuek diote urte bateko irabazien %30 joan behar dutela gizarte ekintzara. Bankua ez da horretaz arduratzen, haren akziodun diren hiru kutxak baizik.
Kopuru hori handitzeko aukera izango dute aurrezki kutxek, beren funts propioekin. Aurten ere hori egin dute. Apirilean egindako batzarretan, gizarte ekintzara 54,2 milioi bideratzea erabaki zuten hiru kutxen batzarrek. BBK-k 32,8 milioi euroren aurrekontua finkatu zuen bere gizarte ekintzarako (-32 milioi), 14,9 milioi Kutxak (-23 milioi) eta 6,5 milioi, berriz, Vital Kutxak (-1).
Gizarte ekintzaren aurrekontua bete ahal izateko, zenbait eraikin eta bulego salgai jarri ditu Kutxak. Saldu du fototeka zenarena, eta salgai du Bulebarreko erakusketa gela ere. Fundazioaren beraren Garibai kaleko egoitza ere saldu nahiko luke Kutxak, geroago alokatu ahal izateko aukerarekin.