Zenbaki onak Kutxabankentzat aurtengo lehen sei hilabeteetan: 197,3 milioi euroko mozkin garbia lortu du, iazko epealdi berean baino %5 gehiago. Gainera, Cajasuren ekarpen positiboa 15,4 milioi euro izan da, 2018ko lehen seihilekoan baino %11,5 gehiago.
Finantza erakundeak garrantzi berezia eman die aurten lortutako zenbakiei, "eremu makroekonomikoan ziurgabetasunak irauten duen testuinguruan" lortu dituelako emaitza onak. Ziurgabetasunen artean, honako hauek: AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra, brexit-a, eta EBZk atea zabaldu diela interes tasen beherapen berriei eta diru pizgarri gehiagori, noiz eta euriborra minimo historikoetan dagoenean.
Zailtasunak zailtasun, Kutxabankek prentsa ohar baten bidez azaldu du hipoteka maileguen negozioa bide onetik doakiola, "merkatuaren oso gainetik" hazi baita urtarriletik ekainaren amaierara bitartean: %25, hain zuzen ere. Gainera, kontsumorako maileguek ere gora egin dute, erritmo motelagoan bada ere, %13,3an.
Kutxabanken negozioaren bilakaeran produktu berrien kontratazioaren hezkunde sendoa izan da gakoetako bat, beraz. "Hala jazo da ETE enpresa ertain eta txikien finantzaketan eta, bereziki hipoteka maileguetan eta kontsumorako maileguetan, kasu bietan argi eta garbi merkatuaren portaeraren batezbestekoaren gainetik kokatu baita Kutxabanken bilakaera, eta berriz ere hazkunde errekorrak lortu ditu".
Aseguruen negozioko diru sarrerak ere handitu egin ditu: 71,7 milioi euroko ekarpena egin dio jaruduera horrek emaitza orokorrari, iazko lehen seihilekoan baino %8,3 gehiago.
Kostuei dagokienez, berriz, administrazio gastuak gehiego estutu ditu finantza erakundeak, gastu orokorrak %1,2 murriztuta.
Banka digitala, gora
Bestalde, bankuak azaldu du salmenta digitalak %86 hazi direla iragan seihilekoan, eta online aritzen diren erabiltzaileen kopurua %40an kokatu dela dagoeneko. Izan ere, Kutxabankek irtenbide digital ugari merkaturatu ditu aurten: banka digitalek sakelako telefono bidezko Apple Pay, Samsung Pay eta Google Pay ordainketa zerbitzuak gaitu dituzte.
Azkenik, finantza erakundeak azaldu du berankortasuna oinarrizko 48 puntu jaitsi dela, eta ekainaren amaieran %3,38koa zela, sektoreko apalena.