Urte hasiera oparoa izan du Kutxabankek, eta lehen hiruhilekoa 61,8 milioi euroren irabaziekin itxi du, besteak beste banka negozioan izandako hazkundeari esker. Aurreko urtearekin alderatuta %32,7 txikiagoa da emaitza orokorra, baina bankuak gogoratu du, batetik, iazko lehen hiruhilekoan ezohiko sarrerak izan zituela, eta, bestetik, atzeratuta datozen zenbait dibidendu —Iberdrolarenak, esaterako— falta zaizkiola jasotzeko. Hain zuzen, Kutxabanken partaidetzen zorroaren balioak gora jarraitzen du, eta 2.129 miloi euro balio ditu orain, azken hamabi hilabetetan %14 errebalorizatuta.
Bere jardunean, pandemiaren «testuinguru zailean», Kutxabankek bere merkatu kuotak handitzen jarraitu du urte hasieran ere. Hipoteka mailegu berrietan hiru hiruhileko daramatza jarraian 1.000 milioi euroko langa gainditzen, eta, gaur egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hipoteka guztien %45,7 dauzka. Enpresen maileguetan ere hazkundea izan du (+%7). Inbertsio funtsetan 750 milioi euro bereganatu ditu, eta merkatu kuota hobetzea lortu du %6,5eraino. Berankortasuna ere murrizten jarraitu du: %2,19koa du, bankaren batezbestekoa %4,55koa dela.
Banka negozioan, interes marjinetik, komisioetatik eta aseguruen negoziotik 276 milioi euroren sarrerak izan ditu Kutxabankek urtarriletik martxora artean, iaz baino %5 gehiago.