2012. urteko emaitzak aurkeztu ditu gaur Kutxabankek. BBK, Kutxa eta Vital aurrezki kutxen finantza negozioa kudeatzen dituen bankuak 84,6 milioi euro garbi irabazi ditu, aurreko urtean baino %65 gutxiago. Sektorea onbideratzeko dekretu ezberdinek behartuta, 585 milioi euro hornitu behar izan ditu Kutxabankek, eta horrek emaitzan eragina izan du. Azken bi urteotan ia 1.000 milioi bideratu ditu bankuak higiezinen sektoreko balizko galerak estaltzeko. Horiei esker inolako laguntza publikorik gabe azterketa guztiak gainditu dituela nabarmendu du bankuak.
Emaitza horietatik 27,9 milioi euro gizarte ekintza finantzatzeko erabiltzea erabaki du Kutxabanken administrazio kontseiluak. Bankua sortzeko kontratuetan gutxienez %30 bideratzea hitzartu zen, eta 2012. urteko emaitzetatik kopuru hori gainditu dela azpimarratu zuen Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak —%33 izan da—. Urtearen joanean beste hainbeste diru bideratzeko aukera aurreikusten du. Kasu horretan, aparteko gizarte proiektuei bide emateko erabiliko litzateke diru hori.
Bankuaren ohiko negozioan emaitza onak izan ziren, Kutxabankeko arduradunen irudiko. Interes marjinen ekarpena %13 handitu zen. Hau da, bankuak hartutako gordailuen eta emandako maileguen arteko interes ezberdinei esker 921 milioi euroren diru sarrerak lortu zituen. Cajasurrek ere aldeko emaitzak izan ditu 2012an: 4,8 milioi izan dira, iaz baino %69 gehiago. Hori bai, Cajasurrek dituen aktibo kutsatuek berankortasun tasa nabarmen handitzea eragin dute. Kutxabanken berankortasun tasa %9 da, eta %6 litzateke Cajasurren higiezinak aintzat hartu gabe. Sektoreko batez bestekoen azpitik dago bankua, edonola ere.
Fernandezek nabarmendu zuen "independentziari" eutsi ahal izan diotela, sektoreko beste banku askok nazionalizatuta amaitu duten bitartean. BBK, Kutxa eta Vitalen integrazioa "amaitzear" dagoela ere aurreratu zuen. Vitalekin prest dago, eta Kutxarekin orain egingo da. Negozioen bateratzea honezkero egin dute hiru kutxek.
Hipoteka maileguari dagokionez, joan den urtean 3.257 mailegu berriro negoziatu zituen Kutxabankek. Akordio bat lortu da kasuen %92an. "Fede ona" duten pertsona batzuk "ordaindu ezinik" daudela iruditzen zaio, eta hipoteka ordaintzen ez denean zordunaren egoerari erreparatzen diotela zehaztu zuen, badaudelako "ezer ordaindu nahi ez duten pertsonak" ere. Arazo soziala dela uste du Kutxabankeko agintariak, eta kritikatu zuen ezin dela soilik bankuen esku utzi. Etxebizitza bankuaren esku utzita zorra kitatzea ez zaio egokia iruditzen: "Ezin da oraindik ordaintzeko aukera duena ez ordaintzera gonbidatu".