bankuak

Kutxabankek ehun milioi jarriko ditu 'banku txarrean'

Etxegintzako aktibo toxikoak saldu behar dituen Sareb edo banku txarra gaur eratu da ofizialki. Akziodunen artean ez da BBVA izango, baina bai, ordea, Kutxabank.

Berria.info
2012ko abenduaren 13a
12:48
Entzun

Kutxabankek 25 milioi euro jarri ditu orain kapitalean, eta beste 75 milioi datozen asteotan jaulkiko duten zorra erosita jarriko du. Santanderrek guztira 656 milioi jarriko ditu, Caixabankek 472 milioi, Sabadellek 264 milioi, eta Banco Popularrek 228 milioi. Urtea amaitu aurretik kapitala handituko du Sarebek eta orduan sartuko dira beste banku eta aseguru etxe batzuk. Guztira, kapitalaren %51 izango dute akziodun pribatuek eta %49 izango du Espainiako Estatuak. Banku txarraren akziodun izateko presio handia egin die azken asteotan Espainiako Gobernuak finantza erakundeei, kapitalaren erdia baino gehiago berak izango balu Sareben kontuak bere kontu propioetan sartu beharko lituzkeelako bestela, eta zor publikoa igoko litzatekeelako.

Sareben eginkizun nagusia da bankuen kontuetatik etxegintzari lotutako aktibo txarrak kentzea, hartara diru gehiago izan dezaten herritarrei eta enpresei mailegatzeko.  Hau da, bankuek etxe eraikitzaileei eta sustatzaileei emandako maileguak bere egingo ditu, baita dagoeneko ordainketa ezarengatik bankuek desjabetutako lurzoruak, amaitu gabeko sustapenak eta etxebizitza solteak. Beste hitzetan, higiezinen agentzia erraldoi bat izango da. Ez da espero Euskal Herriko etxe eta lurzoru asko geratzea haren esku, hemen etxebizitzaren burbuila txikiagoa izan zelako eta finantza erakundeek hobeto eutsi diotelako krisiari.

Lehenik banku nazionalizatuen aktibo txarrak hartuko diru Sarebek , 44.000 milioi eurorenak. 2013 hasieran jasoko ditu dirulaguntza publikoak jaso dituzten beste batzuenak, hala nola, BMN edo CEISSenak. Kutxabankek iragarri du ez dituela bere mailegu txarrak Sareben sartuko, eta bere kasara saiatuko dela pilatu dituen lurzorua eta etxeak saltzen. 

Espainiako Gobernuak agindu du urtean %15eko errentagarritasuna emango dutela Sareben jarritako diruak. Hori lortzeko bidea banku txarrak bankuei pagatuko dien prezio txikia da. Espainiako Bankuak urrian zehaztu zuen zer preziotan baloratuko dituen banku txarrak bere gain hartuko dituen aktibo toxikoak. Lehen fasean, nazionalizatutako bankuen etxe, zoru eta kredituak hartuko ditu.  Bankuek kontu liburuetan emandako balioa baino %63 merkeago bereganatuko ditu Sarebek, batez beste. Zoruaren kasuan, ordea, %79,5 merkeago izango da; amaitu gabeko etxe sustapenen kasuan, %63,2 merkeago; amaitutako etxeen kasuan,%54,2 merkeago. Kredituei ere eman die beren balioa Sarebek. Etxe sustatzaileei bankuek emandako kredituetan beherapena %45,6koa da, eta hirietako zorua finantzatzeko kredituetan, %53,6koa.

Zifra dantza horrek islatzen du, hein handi batean, etxebizitza merkatuen prezioen jaitsiera noraino hel daitekeen, Sareben arabera. Izan ere, aktibook prezio horretan bereganatu ditu, ondoren 15 urteko epean salduz joateko eta prozesu luze horretan negozioa egiteko.

Europako erreskate funtsak 39.468 milioi euro eman dizkio Espainiari bankuak onbideratzeko. Bankia, Novagalicia, Catalunya Bank eta Banco de Valenciarako 36.968 milioi erabiliko dituzte, eta beste 2.500 Sareb finantzatzeko izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.