Oliver Wymanen azterketa

Kutxabankek estres azterketa gainditu du

Bankuek 53.000 milioi euro beharko dituzte Oliver Wymanek egindako azterketaren arabera. Hamalau banku nagusien beharrak aztertu dituzte, eta haietako zazpik ez dute beharko dirurik, azterketa gainditu dutelako. Haien artean daude Hego Euskal Herrian pisu gehien duten erakundeak, hala nola, Kutxabank, BBVA, La Caixa (Nafarroako Kutxaren jabea), Santander eta Sabadell (Guipuzcoanoren jabea).

Berria.info
2012ko irailaren 28a
19:54
Entzun

Oliver Wymanen azterketaren emaitzen zain-zain egon dira Europako Batzordean eta beste erakunde garrantzitsuetan Espainiako bankuen sistemaren beharrak ezagutzeko. 53.000 milioi euro beharko dituzte osasun egokian jartzeko. Baina denak ez daude egoera berean. Kutxabankek adibidez, estres azterketa zorrotza gainditu du. Bere kontuak, aztertutako bankuen artean, laugarren lekuan daude. Egoera arruntean 3.132 milioi ditu bere alde, eta egoera okerrenean 2.188 milioi. 9.500 milioi euro arteko galerak bere gain hartu ahalko lituzke, inolako laguntza publikorik jaso gabe.

Hedabideetara igorritako oharrean, Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak bere poza azaldu du azterketa gainditzeagatik. "Gertakari handia da hain zorrotza izan den estres froga batean sistema osoko erakunde kaudimentsuena izatea". Kutxabankeko buruak nabarmendu duenez, laguntzarik behar ez dutenen taldean aurrezki kutxek sortutako hiru banku egoteak erakusten du ez direla kutxak finantza sistema arriskuan jarri dutenak.  Fernandezen aburuz, azterketaren emaitzak “euskal aurrezki kutxek urteetan zamatu duten eskarmentuaren ondorioa dira, kudeaketa bikainean oinarrituta” eta, beraz, “bezeroek erabateko konfiantza izan dezakete, beraien bizitza osoan zehar ondoan izango garen erakundea baikara, segurtasun osoz, konfiantza-krisialdi honetan hain garrantzitsua den segurtasunarekin”.  

Santander taldea da lehen postuan dagoena emaitza onenekin. Azken lekuan Bankia. Egoera okerrenean 24.743 milioi euro beharko dituela dio Oliver Wymanen txostenak. Guztira, Espainiako banku sisteman jarduten duten hamalau talde garrantzitsuenen beharrak 53.745 milioi eurokoak izango dira. 59.300 milioira iritsi daiteke kopurua, bat-egite prozesuak kontuan hartzen ez badira. Edonola ere, Espainiako Gobernuak kalkulatu du 40.000 milioi euroren erreskatea nahikoa izan daitekeela bankuak onbideratzeko. Fernando Jimenez Latorre Ekonomiako Estatu idazkariak uste duenez, banku batzuk diru gutxiago beharko dute, etxegintzari lotutako aktibo kaltetu asko Estatuak sortuko duen banku txarraren esku jarri ahal izango dituztelako. 

Bestalde, egoerarik txarrenean finantza sistemak 270.000 milioi euro galduko lituzkeela kalkulatu du Oliver Wyman aholkularitzak. Oinarrizko probaren arabera, Espainiako ekonomia %1,7 erori beharko litzateke 2014 urtea arte, eta gutxienez %9ko kapital ratioa eskatzen die erakundeei. Eszenatoki gogorra askoz zorrotzagoa da: ekonomia % 6,5 erortzea 2014 urtea arte (%6ko kapital ratioa).

Oinarrizko proba bederatzi erakundek gaindituko lukete. Bost erakundek kapital gehiago beharko lukete: nazionalizatuta daudenak eta BMN bankua. Guztira, ia 26.000 milioi euro, horren erdia Bankiarentzat. Etxebizitza eraikitzeko maileguen %87 itzuliko ez direla jasotzen du probak, eta enpresen eta partikularren hipoteketan, %27 eta %15, hurrenez hurren.

Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxari eta Nafarroako Rural Kutxari ez diete estres azterketarik egin, kreditu kooperatibak direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.