Hotzak eta hezetasunak ez ditu kikildu TS Fundicionesko langileak, eta barruko arropetan protesta egin dute Kutxaren egoitzaren aurrean, Donostian. Langileek nabarmendu dute Kutxabank ere egoeraren erantzule dela, hura baita fundizioaren hartzekodun nagusia. "TSko akziodunekin batera enpresaren egoeraren erruduna da", ziurtatu dute.
Bankuari eta erakunde publikoei eskatu diete enpresaren eta haren lanpostuen alde egin dezatela.
Ordu erdiz egon dira kalean, galtzontziloetan eta kaskoekin. Herritar askoren txaloak jaso dituzte.
Joan den azaroaren 7az geroztik hartzekodunen konkurtsoaren aurrekoan dago Zestoako enpresa. Duela urte gutxi 350 langile izatera iritsi zen, baina azkenaldian lan taldea txikituz joan da, eta 150 langile inguru geratzen dira. Horietatik 50 kalean uzteko berregituraketa plana aurkeztu du zuzendaritzak. Geratuko direnek baldintza okerragoetan egin beharko dute lan: %25 gutxiago kobratu beharko dute eta 100 ordu gehiago lan egin urtean, Gipuzkoako metalgintzako itunarekin parekatzeko. Enpresak azaldu zuenez, neurri horiekin, enpresa «lehiakide europarren pare» jarriko da, eta luze gabe jarduerari eutsiko dio.
TS Fundicionesko enpresa batzordeak dio enpresa bideragarria dela eta kexu dira enpresak langileen kaleratzea baizik ez duela proposatu, eta ez duela industria planik egin enpresaren iraupena ziurtatzeko.
Enpresako zuzendaritzak derrigorrezkotzat jo du enpresaren neurria gehiago txikitzea. Industria eolikoarentzat osagaiak egiten ditu, baina asko gutxitu zaio lana azkenaldian. Batetik, sektore horretan inbertsioek geldialdi bat izan dutelako, eta, bestetik, bezero askok Txinako produktuak erosten hasi direlako edo beren fundizio propioak sortu dituztelako. Iaztik hona %43 tona gutxiago ekoiztu du, eta fakturazioa 20 milioira jaitsi da, prezio txikiagoak eskaini behar izan dituelako bezeroei eusteko. Diru gutxi da hori, kontuan hartuta 28 milioi euroren zorra pilatu duela. «Zor hori ez da bideragarria enpresa berregituratu ezean», azaldu du enpresak. Hornitzaileekin eta bankuekin duen zorra berriro negoziatu nahi du zuzendaritzak. Berregituraketa bizkor egin behar dela dio enpresak, «azken hilabeteotako gatazken ondorioz» bezero batzuek iragarri dutelako beste hornitzaile batzuk bilatuko dituztela.
,