Kutxabanken kapitala %8,3 hazi da urteko lehen sei hilabeteetan, iazko epe bereko datuekin alderatuta. Horrela, Kutxabanken ondarea nabarmen hazi da, 4.809 milioi eurora arte, eta kaudimena hobetzea eragin du: kasu honetan, %11,3koa da kaudimen tasa. Kapitala, ondarea eta kaudimena handitzearekin batera, irabaziak izatera iritsi da; 48,3 milioi euro, 1,6 milioi Cajasurrek emanda. Iazko lehen sei hilabeteetako emaitzen aldean %45,8 gutxiago irabazi du, ordea, aurtengoan. Finantza aktiboek izan ditzaketen balio galera konpentsatzera, horniduretara bideraturiko diruarengatik izan da hori; kasu honetan, 259,7 milioi euro izan dira.
Gutxieneko hornidurak legeak agintzen ditu. Hala ere, Kutxabankek "zuhurtziaz" jokatzearen alde egin du, eta legez ezarritako gutxienekoa baino diru gehiago zuzendu du horniduretara. 2012ko urtarriletik irailera 118 milioi euro irabazi zituen, baina urte amaierako emaitzak 84,6 milioi izan ziren. Izan ere, irabaziak izan zitezkeen gainontzeko irabaziak, 585 milioi euro, aktiboen balizko galerak estaltzeko erabili dira. Aurtengo lehen hiruhilekoan ere apustu bera egin zuen, eta 97 milioi gordetzea erabaki, irabazi gisa 34 milioi euro izanda.