2011ko lehen seihilekoan Kutxak 28,5 milioi euroren irabazi bateratuak izan ditu, iaz epe honetan lortu zuen baino %30,87 gutxiago. Gipuzkoako finantza erakundeak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, «aurrekontuetako aurreikuspenak bete» dituzte, eta urtea amaitzeko falta diren hilabeteak ondo bideratuak dituzte.
Interes tarteen «portaera ona» nabarmendu du. «Kudeaketa zuhurra dela eta», erakundearen beheranzko joera gainerako finantza erakundeena baino apalagoa izan da. Kutxa %19,8 jaitsi den heinean, sektoreko beste hainbat erakundek %30 egin dute behera. Ustiapen gastuei eutsi die. 2010eko datuekin alderatuz, %2,27 murriztu dira gastuak aurtengo lehen seihilekoan.
Ohiko zerbitzuengatiko diru sarrerak %1,15 hazi izana ere positibotzat jo du erakundeak. Gastuen murrizketari eta zerbitzuen gorakadari esker, Kutxak 85,6 milioi euroko irabazi errepikaria izan du.
Horretaz gain, Banco Madrid —%100ean Kutxarena— Banca Privada d'Andorra (BPA) erakundeari saldu izanak eragin dizkion 150 milioi euroak garrantzitsuak direla adierazi du Gipuzkoako finantza erakundeak. Banco Madrid uztailean saldu zuen. Beraz, hirugarren hiruhilekoko emaitzetan igarri dira salmenta horren ondoriak.
Berankortasun tasari dagokionez, geldiaraztea lortu dute, denboraldi batez goranzko joera izan eta gero. Kutxako azken datuek erakusten dutenez, erakundearen berankortasun indizea %3,85ekoa da; sektorean, berriz, %6,5ekoa da.
Kutxak gizarte ekintzaren esparruan egindako inbertsioa «berretsi egin du» lehen hilabeteetan. Sail horrek 30,3 milioi euro kudeatu ditu, eta denetara 1,3 milioipertsonari bideratutako 1.536 jarduera egin dira diru kopuru horrekin.
Bateratzearen alde
Kutxak BBK eta Vitalekin egin beharreko fusioaren gaineko bozketarako ezohiko batzarrera deitu ez duen arren, irailaren 23an izan liteke horretarako eguna. Eta Xabier Agirrezabalaga eta Cristina Forcada Alternatibako ordezkariek bertan bateratzearen aldeko botoa emango dutela aurreratu dute. Biek maiatzaren 22ko hauteskundeen aurretik utzi egin zuten alderdia.
Kutxak 28,5 milioi euro irabazi ditu lehen seihilekoan
Iaz epe berean baino %30 gutxiago irabazi arren, aurrekontuetako aurreikuspenak bete dituela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu