Beste finantza erakundeek bezalaxe, Gipuzkoa Donostia Kutxak ere aurreko urteetan baino emaitza apalagoak izan zituen iaz. Guztira, 69,4 milioi euro irabazi zituen, 2009an baino %32,7 gutxiago. Emaitza errepikaria, berriz, 163 milioikoa izan zen, %11 txikiagoa. Plan estrategikoak horri ematen dio lehentasuna, etorkizuneko emaitzen isla delakoan.
Hirugarren urtea da jarraian Kutxaren irabaziek behera egiten dutela. 2007an jo zuten goia, 215 milioiren irabaziekin, eta orduz gero krisiak nabarmen apaldu ditu: 141 milioi izan ziren 2008an, eta 103,2 milioi 2009an. Azken urte horretan 200 milioi euro zuzkiduretara bideratu zituen Kutxak, mailegu eta inbertsio batzuetan izan zitzakeen galerak estaltzeko. Aurten ere 204 milioi sartu ditu erreserbetan, «egitura sendotzeko». Zalantzazko aktiboen estaldura %111,5ekoa da, sektorekoa baino 40 puntu handiagoa.
Irabazietan ez du sartu Banco de Madrid Andorrako BPAri saldu izanak eman dion dirua, tramite batzuk falta direlako. Bai, ordea, Banco de Madridek egindako inbertsio arriskutsu batzuek sor ditzaketen galerak estaltzeko 67 milioi euro.
Kapital aldetik sendo dago Kutxa: %12,3ko core capital-a eman dio Fitchek, sektoreko bigarrena edo hirugarrena, sailkapenaren arabera. Beste finantza erakundeei bezalaxe, interes marjina txikitu zaio Kutxari, eta 2009an baino %1,7 mailegu gehiago eman dituen arren, horien truke %6,9 gutxiago jaso du. Bereziki hazi dira etxebizitza erosteko maileguak, %4,3. Berankortasuna %2,8tik %3,18ra igo da.
Mozkinen jaitsierak ez du eragingo gizarte ekintzan, eta 2011. urterako onetsitako aurrekontuari eusteko asmoa azaldu du Kutxako zuzendaritzak.
Finantzak. Finantza sistema indartzeko plana
Kutxak 69,4 milioi irabazi zituen iaz, aurreko urtean baino %32 gutxiago
2010ean beste 200 milioi baztertu zituen balizko galerei aurre egiteko; gizarte ekintzari eutsiko dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu