2012ko azaroan Kutxaren Kontseilua eratzeko batzarra egin zuten eragileek. Kutxako zuzendaritzak eragile sozialen hautagaitza (Kontseiluaren ordezkariaren) adin epea ez betetzeagatik baliogabetu izan ez balu, EH Bilduk Kutxako zuzendaritza lortuko zuen akaso, betiere Kontseiluaren ordezkariak haien zerrendaren alde bozkatu izan balu. Baina ez zen horrela izan. Inpugnazioaren ostean, espero zitekeena gertatu zen, eta EH Bilduk ez zuen lortu Kutxako buruzagitza. Ondorioz, Kutxabankeko administrazio kontseiluaren orekak ere aldatu egingo ziren geroago.
Bada, Xabier Iturbe epailaren aurrean deklaratzen izan da, orduko izendapenak direla eta. Kutxaren defentsak adierazi du prozesu hartan ez zutela "legearen kontrako erabakirik" hartu.
Egin zen inpugnazioa legezkoa zen epaitzen ari da, Kontseilu horren eratzea arauen arabera egin zen ala ez. Xabier Iturbe batzar orokorrean izendatu zuten berriro Kutxako presidente 2012ko azaroan. Ez zen batzar normala izan hura, ordea. "Irregulartasunak» eta «mafiarenak diren jarrerak» egon ziren EH Bilduren ustez. Ainhoa Beola eta Antton Izagirre —EH Bildu buru zuen hautagaitzaren burua—, Iturbe presidentetza hartu zuen batzarra bukatu bezain laster salaketa jarri zuten Donostiako epaitegian, eta salaketa horrek eman dio bide gaurko epaiketari. «Xabier Iturbe Kutxaren funtzio sozialaren aurka agintzen duen presidente legez kanpokoa da» koalizioaren ustez.
Horiek horrela, epaileak erabaki behar du Xabier Iturberen izendapena baliogabetzen duen ala ez, eta baliogabetzen badu, Iturbek bere karguan hartu dituen erabakiak balekoak diren ala ez. Gaur egun Xabier Iturbe Kutxa fundazioko presidentea da; aztergai dena da Kutxa fundazioa bihurtu aurreko erakundearen presidentetza.