Kutxak eta CCOO akordiotik gertu daude, eta ia ziurtatu dute kutxen bat egitea

Sindikatuak onartu du datozen egunetan akordioa lor dezaketela «tarteko punturen batean»

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egingo dute. CCOOren eskariak eta kutxen eskaintza oso gertu daude, eta CCOOren hamar botoek beharrezko gehiengoa emango diote bat-egiteari Kutxaren batzar nagusian. BBKn eta Vitalen ziurtatuta dute bi hereneko gehiengoa, CCOOren botoen beharrik gabe.

Bat-egitea ziurtatzeko beste bideetako bat Gipuzkoan Bilduren babesa lortzea da. Asteburuan hainbat egunkarik argitaratutako albisteen arabera, bat-egitearen aldeko akordioa lortzear daude.

Kutxetako giza baliabideetako arduradunek eta sindikatuetako ordezkariek bosgarrenbilera egin zuten atzo. Bilera ordu erdi pasatxokoa izan zen, Bilbon. Argigarria da Euskadiko CCOOren balorazioa bilerari buruz: «Enpresak jarrera aldatu du: lehen oso jarrera itxia zuen zenbait gaitan, baina onartu behar da gaur [atzo] urrats bat egin duela gure eskarietara hurbiltzeko».

Patxi Ruiz Euskadiko CCOOko Banka arduradunaren esanetan, kutxek eskaintza aldatu dute hainbat gaitan: lantokia aldatu beharko duten langileen baldintzetan, lanpostua uzteagatik eskainiko dituzten ordainetan (60 eguneko ordaina lan egindako urte bakoitzagatik), soldata igoerak (KPIren %80-120 artekoak 2011-2013 artean)... Atzokoa ikusita, Ruizek uste du akordioa lor dezaketela «tarteko punturen batean».

Kutxek 2013ko urtarriletik aurrera bateratu nahi dituzte langileen lan baldintzak. CCOOk bat-egitetik bertatik nahi du, 2012ko urtarriletik, baina 2013ra arte itxaroteko prest dago, proposamena «zentzuzkoa» iruditzen baitzaio.

CCOOk ere orain arteko jarrera aldatu zuen zenbait puntutan. Hala ere, oraindik zehaztu gabe dago bat-egitearen ondorioz zenbat langile kaleratuko dituzten eta nola egingo duten. Ruizen esanetan, kutxek ez dute enplegua erregulatzeko dosierrik eskatuko, eta erretiro aurreratuen bidez galduko dituzte langileak, «modu naturalean». Hainbat langile lantokiz aldatzera behartuko dituzte.

Denboraz justu samar dabiltza. BBK-k eta Vitalek ostiralean egingo dituzte batzar nagusiak, bat-egitea onartzeko. Ordurako lortu behar dute akordioa. Batak bestearen proposamenak aztertzea erabaki dute, baina ez dute dute bilera gehiago egiteko hitzordurik zehaztu. Ruizek bihar biltzea espero du.

ELAren eta LABen kritikak

ELAk eta LABek ez zuten jarrera aldaketarik ikusi atzoko bileran. Eskaera nagusi bat eraman zuten: lan harremanen euskal esparrua aplikatzea. ELAk kutxetako Hego Euskal Herriko langileei galdeketa bat egitea nahi du, ze lurraldetako lan hitzarmena aplikatzea nahi duten erabakitzeko. Galdeketa eta galdeketaren emaitza errespetatzeko eskatu zien kutxei eta gainerako sindikatuei. LAB, ASPEM eta AV sindikatuek baietz erantzun zioten; CCOOk eta kutxek ezetz.

Kutxak eta Bildu negoziatzen ari dira, eta badirudi akordioa lortzear daudela. Horrek eragina izan al dezake LABen bat-egiteari buruzko jarreran?Eragina izan dezakeela onartu du Iñaki Egaña Kutxako LABeko ordezkariak, baina horretarako aldaketa handiak gertatu behar direla dio:«Ez dut uste gure jarrera aldatuko dugunik, sakoneko kontuak aldatzen ez badira». Sakoneko kontuak dira luzera begira gizarte ekintza eta jabetza publikoa bermatzea.

Vitalek albiste txarra jaso zuen atzo, batzar nagusia baino lau egun lehenago: Fitch kalifikazio agentziak koska bat jaitsi du Vitalen luzera begirako zorraren kalifikazioa, A negatibotik BBB positibora. Bat-egitearen ostean kalifikazioa aldatu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.