BBKren, Kutxaren eta Vitalen bat-egite proiektuan gehiago da egiteko eta erabakitzeko dagoena, onartu dena baino. Proiektuari buruzko informazioa urria da. Hamaikabateko ordezkariak Kutxako arduradunekin bildu ziren atzo, eta bileraren ostean proiektuaren bide orriaren berri eman zuten: orain negoziatu beharreko gaiei buruzko lan taldeak osatuko dituzte; bi hilabetean hitzartzea falta dena hitzartu nahi dute; abuztua baino lehen bat-egitearen akordioaren oinarriak zehaztu; uztailean Kutxako administrazio kontseilura eraman; eta iraileko lehen astean bat-egiteari buruzko batzar nagusia egitea. Guztia ondo joanez gero, orduan onartuko dute.
Guztiak ondo joateko, Kutxako arduradunek batzar nagusiko hainbat sektoreren babesa behar dute. EAJ, PSE-EE eta PP alde daude, baina bat-egitea onartzeko bi hereneko gehiengoa behar dute —ehun ordezkaritik 67—, eta, horretarako, beharrezkoak dira CCOOren hamar ordezkariak, Pixkanaka Kaskariren biak eta Hamaikabaten hamahiruak.
Hamaikabateko ordezkariak atzo bildu ziren Xabier Iturbe Kutxako presidentearekin eta Fernando Martinez Jorcano zuzendari nagusiarekin. Hamaikabateko ordezkarien buru Pello Gonzalez izan zen alderdiaren hautagaia diputatu nagusi izateko eta, aldi berean, Gipuzkoako Ogasun diputatua.
Hamaikabat bat-egitearen alde dago, baina badaki bere babesa ezinbestekoa dela, eta trukean hiru gauza eskatu dizkie Kutxako arduradunei. BBKrekin eta Vitalekin egin beharreko negoziazioetan lortu beharreko baldintzak dira, «gutxienekoak».
Alde batetik, diputazioek kutxetatik zergetan jasotzen duten diruari eutsi behar diotela, hau da, bat egin arren lurralde bakoitzak kutxen diru sarrerei eutsiko diela, «orain eta etorkizunean». Gonzalezek onartu zuen konplexua dela, baina hiru diputazioek bilera bat egingo dute horri buruz hitz egiteko.
«Gipuzkoaren pareko pisua»
Gipuzkoak banku berrian izango duen pisua «Kutxaren eta Gipuzkoaren parekoa izatea» nahi du Hamaikabatek. Ez zuen portzentajerik aipatu. Aktiboen arabera, BBK-k ditu %62, Kutxak %27 eta Vitalek %11.
BBK-k Kutxa eta Vital irensteko beldur da Gonzalez: «Erakunde batek ez ditu beste biak bereganatu behar, hirurek izan behar dute sartzeko borondatea». Hiruren arteko oreka lortzeko aukeretako bat kutxa bakoitzak enpresetan dituen partaidetzekin jokatzea dela aipatu zuen. Funtsean, BBK-k bere partaidetza batzuk bankuan ez sartzea, bere esku jarraitzea. Bankuaren inbertsioek ere proportzionalak izan behar dutela eskatu du Hamaikabatek, eta lanpostuei eta bulegoei eutsi behar zaiela.
Azkenik, Hamaikabatek Kutxako arduradunei esan die bankuaren estatutuek bermatu egin behar dutela gehiengo kualifikatuaren premia «funtsezko erabakietarako»: kapital pribatua sartzea, inbertsio estrategikoak...
Kutxak irail hasierarako espero du bat-egitea onartzeko batzarra
Hamaikabatek bere babesaren truke nahi dituen baldintzak zehaztu dizkie Kutxako arduradunei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu