Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak ez dute asmorik gaur Kutxako batzar orokorrak urteko bilkuran hartuko dituen erabakiak onartzeko. Kutxabankeko administrazio kontseiluan Gipuzkoaren ordezkaritza murriztu duen ituna bertan behera utzi arte jarrera horri helduko diotela jakinarazi dute Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Bildukoak biak. Praktikan, baina, ez du eraginik izango erabakiak, batzarrak erabateko boterea duelako erabakiak hartzeko.
Garitanok «bidegabekotzat» jo du abenduaren 29an EAJk eta PPk erakunde berriko administrazio kontseiluko kide kopurua hogeitik hamabostera jaisteko egindako akordioa. Izan ere, hitzarmen horren ondorioz bi ordezkari gutxiagorekin gelditu zen Gipuzkoa —seirekin ordez laurekin—, baina BBK-k gehiengo osoarekin jarraitzea lortu zuen, eta Vitalek, zituen bi ordezkariei eustea. Horregatik, Kutxako administrazio kontseiluari eskatu dio akordioaren eta adostasunaren bidera itzultzeko, abenduan egindako itun hura bertan behera utzita. «Negoziatzeko prest gaude, gauzak adosteko prest, gizarte ekintzaz hitz egiteko prest. Kutxaren zeregin historikoa eta soziala bermatu nahi dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da akordio hori indargabetzea».
Garitanoren esanetan, Bilduri kalte egiteko intentzioarekin egin zuten akordio hura, eta, azkenean, Gipuzkoa da kalteturik handiena, «erabakigune horretan izan behar zukeen lekurik ez duelako». Gainera, uste du itun horrekin EAJk eta PPk hautsi egin zutela bat egiterako baldintzak hitzartuz irailaren 23an egin zutenakordioa.
Horiek horrela, abenduaren 29an hitzartutakoa indargabetu arte, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak ez dituzte onartuko eta babestuko Kutxaren batzar orokorrak hartzen dituen erabakiak.
Diputazioak behin baino gehiagotan adierazi du gai horren inguruan sentitzen duen ezinegona. Hilaren 9an Donostiako Lehen Auzialdiko Epaitegian salaketa eta guzti jarri zuen Kutxabankeko administrazio kontseiluaren osaketaren kontra.
Kutxako batzarraren erabakirik ez du onartuko Gipuzkoak
EAJk eta PPk Kutxabanken egindako akordioa indarrik gabe lagatzeko eskatu dute Garitanok eta Izagirrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu