Kutxako gobernuan ordezkaritza proportzionala izatea eskatu du Banatuz-ek

Ostiralean, EAJk eta Hamaikabatek gehiengo osoa galduko dute Kutxaren batzarrean, kideen erdiak berritzean

Erredakzioa
Donostia
2010eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Datorren ostiralean egingo duen batzarrean, «behingoan», Gipuzkoa Donostia Kutxak bere gobernu organoetan «sentsibilitate guztiak» sar ditzala eskatu du Banatuz-ek. Ustekaberik ezean, Xabier Iturberen gobernu taldea sostengatzen duten EAJk eta H1 Hamaikabatek gehiengo osoa galduko dute; 50 batzarkide dira orain, baina 40 izango baitira batzarra egin eta gero. Banatuz-en arabera, «garaia da Kutxaren ateak aniztasunari eta demokraziari zabaltzeko», eta Kutxa ez dadin izan «bezeroengandik urrun legokeen kolore bakarreko gobernua».

Hain zuzen ere, ezker abertzalearen inguruko taldeek handituko dute ordezkaritza gehien ostiraleko batzarrean. Egun hamabi batzarkide dituzte -zortzi Banatuz-ek, hiru EAE-ANVk eta bat LABek-, baina horiei beste bederatzi gehitzeko moduan egongo dira batzarrean. Izan ere, azken udal bozetan lortutako ordezkaritzaren arabera izendatuko dituzte batzarkideetako asko.

Efe agentziak egindako kalkuluen arabera, PSE-EEk gaur egungo hemezortzi kontseilariei eutsiko die, eta CCOOk bat irabazi, eta hamar izango ditu. Alternatibak hiru izango ditu, eta EBk bi -lau zituzten bien artean-. Aralarrek bat irabaziko du (bi). PPk hiru zituen, eta bakarra izango du, eta Pixkanaka-Kaxkari (bi) eta ELA(1) sindikatuek ordezkaritzari eutsiko diote.

Hautagaitza proportzionalak

Batzarra eratzen denean, administrazio kontseilua eta kontrol batzordea osatuko dituzte. Lehenengoak hamazazpi kide ditu, eta horietako zortzi ordezkatu behar dituzte. Kontrol batzordeak, berriz, zortzi kidetik lau berrituko ditu. Bi organo horietan, EAJk eta H1ek gehiengoa galtzeko ados jarri beharko dute beste talde nagusiek, eta ez dirudi erraza.

Banatuz-ek aurreratu duenez, bi hautagai aurkeztuko ditu administrazio kontseiluan bezeroak ordezkatzeko, horiek liratekeelako, bere iritziz, proportzionalki dagozkionak. Kontrol batzordean, berriz, hautagai bakarra aurkeztuko du ezker abertzaleak.



Zenbakia

2

Bulego berria Bizkaian. Ermuko Bizkaia hiribideko zortzigarrenean bulegoa ireki zuen atzo Gipuzkoa Donostia Kutxak. Bizkaian duen bigarrena da, joan zen irailean Durangon zabaldutakoaren ondotik.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.