Kutxek bat egiteko «momentu egokia»

BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egitearen alde hitz egin dute Eusko Jaurlaritzak eta EAJk

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
BBKren, Kutxaren eta Vital kutxaren bat-egitea gero eta gertuago dago, bai finantza irizpideetan oinarrituta, bai adostasun politikoa ikusita: BBK-k eta Vitalek harremanak hasi dituzte, bat-egite hotz bat egiteko; Kutxako presidenteak iragan astean esan zuen hiru kutxek aurten bertan bat egin dezaketela; Espainiako Gobernuak kutxak berregituratzeko prozesua abiatu du; EAJ bat-egitea azkartu nahian ari da eta PSE-EE presionatzeko presteta presionatzeko moduan dago, Espainiako Gobernuaren bitartez; eta Eusko Jaurlaritzak esan du bat egiteko momentu egokia dela.

Beste gai askotan ez bezala, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Andoni Ortuzar EAJren Bizkaia Buru Batzarraren presidentea bat etorri ziren atzo; adierazpenetan, behintzat. Bientzat, «momentu egokia» da BBK-k, Kutxak eta Vital elkartzeko.

Aldaketa garaia da aurrezki kutxentzat. Espainiako Gobernuak datorren ostiralean onartuko du kutxen legea, kutxen sistema berregituratu eta kutxei buruzko zalantza guztiak uxatzeko asmoz. Egoera onean ez dauden eta laguntza behar duten kutxak banku bihurtu nahi ditu. Ez BBK-k, ez Kutxak, ez Vitalek ez dute banku bihurtzeko premiarik, beren diru kontuen egoera ona baita, eta ez baitute erreskaterako diru publikoaren edo kanpoko inbertsoreen kapital pribatuaren premia larririk.

Hala ere, erreformaren lehen kolpean aldatzeko beharra ez badute ere, bigarrenean premia izan dezakete, osasuntsu baina txiki gera baitaitezke inguruko finantza erakundeen ondoan.

Lopezek ez du presiorik nahi

Hala uste du Andoni Ortuzarrek. «EAE ez da irla bat», esan zuen, «eta finantza sistemaren egoera aldatuko denez, beharrezkoa da euskal kutxak egoera horretara egokitzea». EAJk presa du, bat-egitea orain lehen baino premiazkoagoa dela uste baitu. Ortuzarrek PSE-EEri eta PPri esan zien iraganean EAJ ez dela izan bat egiteko asmoak zapuztu dituena.

Patxi Lopezek ez ditu kutxak presionatu nahi.Bat egiteko egitasmoak kutxetan sortu behar duela eta bat egiteko eredua kutxek aukeratu behar dutela esan zuen atzo. BBK eta Vital bat-egite hotz edo birtual bat sortzeari buruz hitz egiten hasi ziren, hau da, Nafarroako Kutxak Banca Civican egin duenaren moduan. Bat egiten duten kutxek erakunde zentral bat sortzen dute, banku bat, eta bankuak altxortegia, arriskuak eta teknologia kudeatzen ditu. Halaber, kaudimena, likidezia, kreditu kalifikazioa eta emaitzak partekatzen dituzte. Edonola ere, kutxa bakoitzak bere izaera juridikoari, markari eta, neurri bateraino, autonomiari eusten die.

Hala ere, Kutxak esana du ez dagoela bat-egite birtualen alde; elkartzekotan, erabateko bat-egitea izan behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.