Kutxek funts bat sortuko dute etxea galtzear daudenei laguntzeko

BBK-k, Kutxak eta Vitalek gizarte ekintzako diruarekin osatuko dute funtsa, emaitza ekonomikoetan kalterik ez izatekoKutxek iazko emaitzak eta kudeaketa onartu dituzte batzar nagusietan

Kutxako arduradunak, atzoko batzar orokorrean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Donostia
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
BBK-k, Kutxak eta Vitalek funts bat sortuko dute, hipoteka mailegua ordaindu ezin dutelako etxea galtzeko arriskua duten bezeroei laguntzeko.Ez dute zehaztu noiz sortuko duten, ezta funtsa nolakoa izango den ere. Hori bai, gizarte ekintzarako dirua jarriko dute funts horretan, eta administrazioei parte hartzeko eskatuko diete. Mario Fernandez BBKTaldeko eta Kutxabankeko presidentearen iritziz, «agintari publikoei baitagokie arazoa konpontzea, finantza erakundeen laguntzaz». Fernandezentzat, finantza erakundeen «arreta merezi du» hipoteka ordaindu ezin dutelako etxea galtzear dauden herritarren arazoak.

Kutxek funts horretara gizarte ekintzaren aurrekontuaren «zati handi bat» bideratuko dute. Gizarte ekintzako dirua izango da, kutxetako presidenteek ez baitute nahi halako laguntzek urte amaierako diru kontuetan eragitea. Oraingoz, proposamena da. Ez zuten onartu atzoko batzar orokorrean, eta aurtengo gizarte ekintzaren aurrekontuan ez dago funtserako dirurik. Arantza Urkaregi BBK-ko ezker abertzaleko kontseilariaren iritziz, ez da onargarria gizarte ekintzako dirua bideratzea funts horretara.

BBK-k, Kutxak eta Vitalek batzar orokorrak egin zituzten atzo. Bakoitzak aurreko urteko emaitzak aurkezteko azkenak, aurrerantzean Kutxabanken emaitza bateratuak aurkeztuko baitituzte. Iazko emaitzak eta gizarte ekintzaren aurtengo aurrekontuak onartu zituzten. BBKren aurrekontua 65 milioi eurokoa izango da, eta Kutxarena 39,7koa.

Etxea galtzear daudenen egoera izan zen BBKren batzar orokorreko gai nagusia. Fernandez presidenteak gogorarazi zuen Kutxabankek sinatu egin duela Espainiako Gobernuaren jokabide zuzenen kodea, eta 2010 eta 2011 urteetan 2.627 hipoteka mailegu negoziatu dituela. Kutxak «ehunka», Xabier Iturbe Kutxako presidentearen esanetan. «Sentibera, ulerkor eta malguak gara halako kasuetan». Malgutasunaren alde egin zuen, «baldin eta bezeroak ordaindu nahi badu eta ordain dezakeela ikusten bada».

Kodearen mugak

Kodearen arabera, finantza erakundeek zenbait erraztasun emango dizkiete hipoteka ordaindu ezin duten herritarrei, zorra bueltatzeko. Urtebete geroago hipoteka ordaindu ezinik jarraitzen badute, hipotekaren zorra kitatu ahal izango dute, etxea finantza erakundeari emanda.

Aukera hori oso mugatua da. Hego Euskal Herrian, etxearen balioaren muga 120.000 eta 150.000 euro bitartekoa izango da. Alegia, etxe gehienak aukera horretatik kanpo geratuko dira, garestiagoak baitira. Stop Desahucios elkarteko ordezkariek muga 360.000 eurora igotzeko eskatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ezker abertzaleak, PSE-EEk eta Ezker Anitzak proposamen hori eraman zuten atzo BBKren batzarrera: 360.000 euro arteko etxeen exekuzio hipotekarioak bertan behera uztea eta Jaurlaritzaren bitartekaritza zerbitzua abian jarri arte besterik ez abiatzea. Batzarrak ez zuen onartu.

BBK-k, Kutxak eta Vitalek iazko emaitzak onartu zituzten. Hiruren irabaziak asko jaitsi dira: %14, %85,5 eta %62, hurrenez hurren. Diru asko bideratu behar izan dutelako funts horniduretara, arau berrietara egokitzeko eta etxegintzako inbertsioak babesteko: 430 milioi euro inguru.

Aralarrek eta Banatuz-ek ez zituzten Kutxaren emaitzak babestu. Datuak «makilatzea» leporatu zion Banatuz-ek. Finantza ingeniaritza erabiltzea, «etxegintzako aktiboen eta finantza aktiboen 201 milioi euroko galera estaltzeko». Kontuak orekatzeko Kutxa ondarea saltzen ari dela salatu du te Banatuz-ek eta Aralarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.