BBK-k eta Kutxak bat egiteko falta diren botoak ez ditu ezker abertzaleak emango. Ezker abertzaleak bat-egitearen kontra bozkatuko baitu bihar, bai BBKren bai Kutxaren batzarretan. Ezker abertzaleak BBK-ko eta Kutxako zuzendaritzei eta EAJri leporatu die bat-egitearekin iraunarazi egin nahi dutela «herritarren eta Euskal Herriaren beharretatik aldendutako eta funtzio sozialik gabeko kutxa eredua». Ezker abertzalearen iritziz, EAJk kutxa berriaren kontrola ziurtatu nahi izan du, eta, horretarako, «bidelagun errazak» topatu ditu, «txanpon baten truke saltzen direnak».
Kutxaren kasuan, ezker abertzaleko ordezkariak eta kutxa horretako arduradunek bilerak egin dituzte bat-egiteari buruz. «Negoziaziorik ez». BBKren kasuan, berriz, Bizkaiko kutxako arduradunak ez dira bildu ere egin ezker abertzaleko ordezkariekin.
BBK-k eta Kutxak bien arteko bat-egitea onartzeko batzarrak egingo dituzte bihar: BBK-k 17:30ean Sondikan eta Kutxak 19:00etan Donostian. Ezker abertzaleak batzarren aurrean elkartzera dei egin die herritarrei.
Kutxaren erabakia, zintzilik
BBKren kasuan ziurtatu dituzte bat-egitearen alde behar dituzten botoak. Kutxaren kasuan ez. Bi hereneko gehiengoa behar dute bat-egitearen alde. Hau da, batzarrera Kutxako ehun ordezkariak joanez gero, 67ren aldeko botoa; gutxiago joanez gero, gutxiago. Oraingoz, baina, 63 ziurtatu dituzte: EAJ-EAren 51, CCOOren bederatzi, Pixkanaka Kaskariko langileen biak eta Aralarren ordezkariarena.
Ezker Batuak (EB) esan du bere hiru ordezkariak abstenitu egingo direla, baina herenegun bertan EAJko eta EBko ordezkariak bildu ziren gaiaz hitz egiteko. EBk bat-egitearen alde bozkatuz gero, boto bakarra faltako litzateke. PSE-EEk, ezker abertzaleak, PPk eta ELAk publikoki esan dute bat-egitearen kontra bozkatuko dutela. PSE-EEk, baina, ezkutuko botoaren sistema eskatu zuen bozketarako, eta Kutxak onartu egin du.
Ezker abertzaleko ordezkariek ez dakite ostiralean Donostian zer gertatuko den. Ez dituzte sorpresak baztertu. «Hala ere, bakoitzak dagokion ardurari aurre egin beharko dio».
Kutxen bat-egitearen kontra bozkatuko du ezker abertzaleak
BBK-k eta Kutxak bihar arratsaldean egingo dituzte bat-egiteari buruzko erabakia hartzeko batzarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu