Kutxen despolitizazioa eskatu du Rojok, Lazkoz kontseiluan sartu bezperan

Vital Kutxak iaz baino hiru milioi euro gutxiago bideratuko ditu gizarte ekintzara, irabaziak jaitsi direlako

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Finantza sistema «eraginkorra eta lehiakorra» sortze aldera, aurrezki kutxak ahalik eta gehien despolitizatzea eskatu du Gregorio Rojo Vital Kutxako presidenteak. Mezu hori ez dator guztiz bat errealitatearekin, gaur bertan Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea eta Ana Agirre Industria sailburu ohia sartzekoak baitira Arabako kutxako administrazio kontseiluan.

Vital Kutxak atzo egin zuen ohiko batzarra, eta gaur egingo du ezohikoa, kontseiluko kideen erdia berritzeko. PPtik hurbil den Vital Si eta EAJ-PSE zerrenden arteko lehia espero da bozketetan, baina litekeena da bigarrena nagusitzea. Horrela, administrazio kontseiluan sartuko lirateke Lazkoz eta Agirre.

PSE-EEko lehen hautagaia ez zen Lazkoz, Victor Garcia Hidalgo Polizia zuzendari ohia baizik. Baina Garcia Hidalgok uko egin dio, Faisan auzian ikertu egin baitute, ustez ETAri operazio baten berri eman ziotelakoan. PPk oso gaizki hartu zuen Garcia Hidalgoren proposamena, eta hark «giroa lasaitze» aldera utzi dio hautagai izateari. Batzarreko kide berrien artean beste sailburu ohia izango da, Javier Balza,Barne kontseilaria izandakoa.

Emaitza onak

Atzoko batzarrean, berriz, 2009ko kontuak onartu zituen Vitaleko batzarrak. Arabako kutxak 68 milioi euro irabazi zituen, iaz baino %10 gutxiago. Datua ona dela ziurtatu zuen Rojok, beste aurrezki kutxa gehienetan bilakaera okerragoa izan delako. Errentabilitate, kaudimen eta berankortasun aldetik ere Vital Kutxa onenetakoen artean dago.

2010a «oso urte zaila» izango dela uste du Rojok, langabeziak maileguen berankortasuna handituko duelako, eta kontsumoa gutxitu. Interes tasek bere horretan geratzeko itxura dutenez, kutxaren irabazi marjinak ere estuak izango dira. Edonola ere, Vital Kutxa erronkari aurre egiteko indartsu dagoela ziurtatu du Rojok.

Vital Kutxak 25 milioi euro bideratuko ditu aurten gizarte ekintzara, iaz baino hiru milioi gutxiago. Irabazien jaitsierari egotzi dio murrizketa Rojok, baina nabarmendu du proportzioan «Espainian gehien ematen dutenen artean seigarrena» dela Vital Kutxa. 2009ko proiektuen artean, Rojok nabarmendu du mila gazteri alokairuzko etxeak hartzen lagundu dietela Vitalquilerrekin, eta Antso Jakituna fundazioak egoitza berria ireki duela. Hemendik egun gutxira, pobreziaren eta bazterketaren aurkako proiektua iragarriko du Vital Kutxak.

Bat-egitea, egiteke

Kutxen bat-egitea «egiteke geratu diren proiektuen» artean dagoela esan du Rojok, eta uste du «orain horretan lan egiteko garaia» dela. Gainera, iritzi dio bat-egitea ez dela «soilik irizpide profesionaletik edo ekonomikoetatik» egin behar, baizik eta «lurralde bakoitzaren ordezkaritza» kontuan hartuta.

Kutxak eta BBK-k, ostera, baztertuta daukate proiektua, krisia igaro arte bederen. Gainera, Mario Fernandez BBK-ko buruzagiak argi utzi du bere erakundearen pisua bere hartan oinarritzat hartzen duen bat-egite prozesuan baizik ez dela sartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.