kutxak

Kutxen hauteskundeetan Biltzen plataformaren alde egin du EH Bilduk, "pribatizazioa geratzeko"

Asteartean izango dira Kutxa, Vital Kutxa eta BBK kutxetako batzarrak osatzeko bozak. Haien "eredu soziala" aldarrikatu du koalizioak.

2012ko urriaren 27a
12:03
Entzun

Datorren asteartean aukeratuko dituzte Kutxa, Vital Kutxa eta BBK kutxetako bezeroek batzarrak osatzeko ordezkariak, eta EH Bildu koalizioak Biltzen plataforma ezkertiar eta subiranista bozkatzeko dei egin du. Hala agertu dute gaur goizean Donostian Unai Ziarreta, Ainhoa Beola, Marije Fullaondo eta Xabi Vazquezek, prentsaurreko batean. Uste dute "Kutxabanken pribatizazioa geratzeko" eta "kutxen eredu soziala defenditzeko" modurik eraginkorrena Biltzen bozkatzea izan daitekeela.

"EAJk eta PPk zuzendaritzarako Bildu kanpoan uzteko egindako maniobraren ondorioz, argi geratu zen EAJk ez duela nahi funtzio soziala, gardentasuna edota instituzioen kontrola bermatzea", salatu dute EH Bilduko ordezkariek. "Handik aurrera iruzur politiko horrek markatu ditu Kutxabank inguruan eman diren urratsak eta erabakiak".

"Banku publikoa behar zena pribatizatzeko asmoen aurrean inoiz baino garrantzitsuagoak" izango dira hilaren 30eko hauteskundeak, koalizioaren arabera, "oraindik ere Kutxabanken diseinua baldintzatzeko aukera" dagoelakoan.

EH Bilduren eskaera nagusiak

- "Kutxabankeko pribatizazioa gelditu behar da. Kutxek zuten funtzio soziala berreskuratu eta indartu behar da, eta horrekin batera bere izaera publikoa, demokratikoa eta gardena.

- Ez da onargarria Kutxabanketik etxe kaleratzeekin jarraitzea. Arazo horren aurrean, bestelako jarrera hartu behar da. Kutxabankek ezin du etxekaleratze bat gehiago ere egin eta, orain arte, EAJk eta PPk kontrolatzen duten kutxa hori Euskal Herrian etxekaleratze gehien egiten dituen kutxa dela jakin behar da. 

- Kutxabankek Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzako egin behar du lan, gure udalentzako, gizartearentzako eta gizartearen lehentasun eta interesen zerbitzura.

- Kutxabankek finantza eragile aktiboa izaten jarraitu behar du bertako enpresa txiki eta ertainei kreditu lerroak irekita mantenduz, uhin ekonomikoa bizkortzeko.

- Kutxabankek obra sozialari indar bereziz eta konpromiso argiarekin eutsi behar dio, krisi anitza pairatzen dugun garai hauetan bereziki, herritarrei eta herriei zor zaien konpromisoari eutsiz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.