Eusko Legebiltzarrak onartu egin du aurrezki kutxen lege proiektua, EAJk, PSE-EEk eta PPk alde bozkatuta. Orain, baldintza berriak oinarri, kutxen organoak berritzeko prozesua abiatuko dute. Aralarrek, EAk, Ezker Anitzak eta UPDk aldaketen aurka egin dute.
Legeak parekatu egiten du EAEko araudia Espainiako Estatukoarekin. Horrela, erakunde publikoek asanbleetako kideen %40 izango dituzte, orain arteko %50 izan beharrean. Halaber, bateraezin egingo du kutxa bateko gobernu organoko kide eta edozein administraziotan hautetsi publikoa izatea.
Sozialistek asanbleetako kideen %5 Eusko Legebiltzarrak izendatzea proposatu dute, baina azkenean ez da hala izango. Legearen arabera, erakunde fundatzaileen (aldundiak eta hiru hiriburuetako udalak) ordezkariak erakunde horretan gobernatzen dutenek izendatuko dituzte.
Kutxabanken, kutxa bakoitzaren ordezkariak ez dituzte proportzionalki hautatuko asanbleetan, baizik eta gehiengo osoz. Hau da, %51 dutenek ordezkari guztiak hautatuko dituzte.
Erreakzioak
Javier Carro (EAJ): "Herritarrak eta kutxetako langileak izango dira gobernu organoetako aktore protagonistak".
Joana Madrigal (PSE-EE): "EAEko kutxak ondoen kudeatuta daudenak dira, eta hemendik aurrera horrela izaten jarraituko dute".
Carlos Olazabal (PP): "Legeak despolitizazio argia eta kudeaketa profesionala ezartzea du helburu. Estatuan ez dute bankuek egin porrot, baizik eta kutxek, horien kudeaketa ez baitzen profesionala".
Dani Maeztu (Aralar): "Gure errealitate sozio-ekonomikoaren kontra, Espainian hartutako politiken jarraipen hutsa da kutxen lege proiektua"
Juanjo Agirrezabala (EA): salatu du legea ez datorrela bat bere alderdiak duen herrialde ereduarekin, ezta herrialdeak behar duen finantza sistemarekin ere.
Gorka Maneiro (UPD): "Legea herrialdea porrotera eraman duten alderdiek sortu dute, eta kutxak arpilatzen ari dira".