Lan harremanak

LAB: «Akordioak nahi ditugu, baina ez sistema elikatzen jarraitzeko»

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk nabarmendu du akordioak beharrezkoak direla, «baina enpleguaren galera gelditzeko, lan baldintzak duintzeko, zerbitzu publikoak indartzeko, zaintza lanak aitortzeko eta aberastasuna modu bidezkoago batean banatzeko»  

Xabier Ugartemendia eta Garbiñe Aranburu prentsaurrekoan. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
xabier martin
2020ko irailaren 9a
12:44
Entzun

LABeko Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiarekin aritu da Garbiñe Aranburu pandemiaren bigarren oldarraldiak eragindako egoera sozioekonomikoaren azterketa egiten. «Herritarren interesak eta beharrak erdigunean jartzeko akordioak behar ditugu, eta honek elite ekonomikoaren interesekin talka egiten du. Horregatik, patronala-erakundeak bikoteak ez dio gai honi heltzen», esplikatu du. Esan du herritarrak direla arduraz jokatzen ari direnak, eta salatu du «ardura politikoak saihesteko, erakundeetatik norbanakoei zuzendutako ardura dei etengabea» egiten ari zaiela.

«Ez dago inolako planik enplegua salbatzeko. Lan erreformak bertan behera utzi behar dira, eta formula berriak bilatu enplegu galera eragozteko eta berria sortzeko; zaintza, osasungintza eta irakaskuntza arloetan, kasu», azaldu du; «era berean, egungo enplegua duindu behar da. Pandemiak erakutsi digu zeintzuk diren oinarrizko sektoreak, zer den garrantzitsua bizitza sostengatzeko. Sektore horietako asko eta asko feminizatuak eta prekarizatuak daude».

Aranbururen ustez, azken hilabeteak ez dira baliatu osasungintza publikoa indartzeko: «Ez da kontratazio berririk egon. Aurreikuspen eta planifikaziorik eza egon da». Hezkuntzari dagokionez, esan du urteak eman dituztela ratioak jaitsi behar direla esanez, eta ez dagoela hezkuntzan inbertitzeko apusturik. «Ikasturte hau planifikatzeko berandu eta gaizki ibili dira. Ez da borondaterik egon eskolarako itzulera negoziatzeko hezkuntza komunitatearekin, ez Nafarroan, ezta EAEn ere».

Gainera, pertsona adinekoen eta adin txikikoen zaintza lanak berrantolatu behar direla azaldu du LABeko idazkari nagusiak. «Helduen egoitzetan ez da inolako neurririk hartu ratioak jaitsi eta lantaldeak indartzeko, eta ez dakigu nola erantzungo ahal zaion adin txikikoen zaintzari etxera itzuli beharko dutenean».

Akordioak bai, baina zertarako?

Garbiñe Aranbururen arabera, gobernu desberdinek elkarrizketa eta akordioak behar direla diote; ideia hori oso presente egon zen Jaurlaritzako sailburu berrien izendapenean, esaterako. «Kontua da gobernu horrentzat elkarrizketa dela mahai sozioekonomiko bat egokitzea propaganda hutsa egiteko. Gobernu horrek aldebakartasunez jokatzen du, gehiengo sindikalari muzin egiten dio. Hau guztia ez dator bat elkarrizketa eta akordioen aldarriarekin».

LAB sindikatuari oso garrantzitsua iruditzen zaio abiapuntua ezartzea eztabaidari ekin aurretik. «Ez dugu behar eredu kapitalistaren berreraikitze bat, behar duguna norabide aldaketa bat da. Beste eredu ekonomiko eta sozial batera abiatzeko oinarriak jarri behar dira. Trantsizio ekosozialista eta feminista bat behar dugu». Sindikatu abertzaleko buruaren esanetan, arduraz jokatuko du LABek: «Mobilizatzen eta beste eredu ekonomiko eta sozial bat defendatzen dugunon artean aliantzak eraikitzen jarraituko dugu, bizitza erdigunean jarriko dituzten akordio sozialak gauza daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.