LAB: «Badago aukera euskal eremua blindatzeko»

Negoziazio kolektiboaren egiturari buruzko mahaia sortzea «urrats garrantzitsua» dela dio sindikatuak

Miren Garate.
Donostia
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Confebask, CCOO eta UGTrekin batera, negoziazio kolektiboaren egiturari buruzko mahaian parte hartzen ari da LAB. Sindikatuak uste du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hitzarmenak Espainiako erreformaren gainetik jartzeko aukera zabaldu dela, eta abagune hori baliatu nahi du euskal eremuan egindako negoziazio kolektiboa blindatzeko akordioa erdiesteko. «Uste dugu badagoela horretarako aukera».

Abenduaren 22an osatu zen negoziazio mahaia. Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak azaldu duenez,mahaiaren helburuak eta negoziazioaren baldintzak hitzartzeko izan dira lehen bilerak. «Gure jarrera argia izan da: balizko akordioak bertako hitzarmenak ziurtatzeko balio behar du». Hau da, LABen arabera, sindikatuek eta patronalak adostu behar dute non eta nola negoziatuko diren hitzarmenak, eta hitzartutako horrek lehentasuna izango du Espainian hartutako erabakien aurrean.

Akordiorik lortuko den edo ez esateko goizegi den arren, Etxaideren iritziz «urrats garrantzitsua» da mahaia eratu izana bera ere, «testuinguruari begiratuta, langileentzat egoera oso-oso txarra delako». Enplegua galdu egingo dela azaldu du, eta horren aurrean langileek bi aukera dituztela: mobilizazioa eta negoziazio kolektiboa. «Baina Euskal Herrian egiten den negoziazioa arriskuan dago, Espainiak zentralizazioa bultzatu nahi duelako».

Hori ikusita, euskal eremua blindatu egin behar dela dio LABeko idazkari nagusiak. «Horretarako bide bat proposatu genuen EAEn eta Nafarroan. Lanbide arteko akordioa egin behar zela esan genuen, zein eremu eta eredu nahi dugun erabakitzeko». Nafarroan ez dela posible izan dio, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ikusten du aukera. «Patronalak benetako borondatea badauka hemengo hitzarmenen bidez hemengo lan baldintzak arautzeko, guk ez diogu uko egingo».

Negoziazio mahaian hiru eskaera nagusi egingo ditu LABek: zentralizazioaren gainetik orain arteko negoziazio eremuak mantentzea, probintzia mailako hitzarmenak lehenestea eta negoziazio kolektiboaren ondorio kaltegarriak neutralizatzeko neurriak hartzea. ELAk uko egin dio negoziazioetan parte hartzeari. «Behar besteko gehiengoa du, eta akordioak lortzeko aukera du mahaiak, baina ELA gabe herren jaio da», azaldu du Etxaidek.

ELAk uko bilerei

Asteazkenean agerraldia egin zuen ELAk, bileretan parte hartzeari zergatik uko egin dion azaltzeko. Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren esanetan, «ez du zentzurik patronalarekin biltzeak» Mariano Raxoi Espainiako presidenteak arlo horretan egingo dituen erreformak argitu arte. «Confebask CEOE da. Patronalak badaki Raxoik zein erreforma egingo duen, baina guk ez. Beraz, ez gara karta berekin jokatzen ari», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.