LAB: «Ez da kudeaketa arazo soila: sistema dago gaixo»

Sindikatuak salatu du konfinamendua «kapitalaren neurrira» diseinatu dela, eta Jaurlaritzak hartu dituen salpuespen neurrien aurrekontua «AHTaren metro gutxi batzuen» balioaren adinakoa dela.

Sidenorreko langileak fabrikaren aurrean protesta egiten itxialdiaren lehen fasean lanera joatera behartu zituztelako. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko apirilaren 22a
11:20
Entzun

«COVID-19ak krisia areagotu du, baina arazo nagusiak aurretik zetozen. Jendea babestuko duen sistema publiko indartsu bat behar dugu. Eta sistema hori gidatzeko, geure burua gobernatu behar dugu, erreminta horiek gure esku izateko». Endika Perez LABeko kideak bere sindikatuaren 40 egunetako itxialdiaren arrazoi eta ondorioen azterketa soziala egin du, eta nabarmendu «kapitalaren neurrira» harturiko erabakia izan dela.

LABek bost arlotan banatu du konfinamenduaren inguruko bere gogoeta. Lehenbizi, salatu du «irizpide ekonomikoekin» diseinaturiko itxialdia dela, «eliteen» nahietara egokiturikoa: «Enpresa nagusien jabeek erabaki dute nola egin, eta ez osasun neurrien arabera».

Bigarren arloa bizi baldintzen alderaketa izan da, «ez direla berberak guztiontzat». Perezek zaurgarri dauden kolektiboak zerrendatu ditu, eta gogoratu du Bilboko etxerik gabekoen egoitzan pertsona bat hil dela, eta beste bat Zaballan. Alde horretatik, gogor kritikatu du zahar etxeetako egoera, eta, bereziki, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak izandako jarrera. Euskal presoen egoera ere salatu du, eta esan krisi hau Euskal Herriko kaleetan «autoritarismoa zabaltzeko» baliatu dela: «kontrol sozialarekin, identifikazioekin...».

LABen ustez, «dikotomia faltsu» bat sortzen saiatu dira itxialdi honekin: «Ez da osasunaren eta ekonomiaren arteko gatazka bat, osasun publikoaren eta batzuen irabazien artekoa baizik». Horren eredu modura, Eusko Jaurlaritzaren bi jarrera hartu ditu hizpide: «Iñigo Urkulluk, Andoni Ortuzarrek eta Arantxa Tapiak presa izan dutela oinarrizkoak ez diren jarduerak abian jartzeko», eta «salbuespen neurrientzako aurrekontua AHTaren metro gutxi batzuen adinakoa dela». Nafarroako Gobernuaren neurriei buruz ere zorrotz aritu du.

Krisiak «emakume aurpegia» duela nabarmendu du Perezek. Zaintza lanetan ari direnen arriskua azaldu du, eta gogoratu emakumeak direla lan horietan ari diren gehienak. «Egoera salagarrian ari dira lanean gehienak, babes neurririk gabe, eta arrisku maila askoz handiagoa da». Indarkeria matxistaz ere mintzatu da: «Itxialdiarekin ez da desagertu, astero daude salaketak, eta biktima asko euren erasotzaileekin giltzapetuta daude». Azkenik, eta bosgarren gako gisa, LABek gogoratu du egungo egoera ez dela krisi honen kudeaketa arazo soila, baizik eta «sistema bera dagoela gaixo», eta arazoa aspalditik datorrela: «Sistema publiko indartsu bat behar dugu, larrialdi egoeraren aurrean erantzungo duena». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.