«Gobernuak eta patronalak langileon bizkar gainean jarri nahi dituzte krisiaren ondorio guztiak». Hori salatu du gaur Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak, azken egunotako iragarpenei erantzuteko egindako prentsaurrekoan: «Pobrezia eta bazterketa sozialean dauden herritarren kopurua gorantz doa, eta erreferentziazko enpresa handiak, bitartean, enplegu suntsiketa gehiago iragartzen dabiltza».
LABen iritziz, egiturazkoa da arazoa, azken krisiaren ostean sistema kapitalista ezin baita berreraiki. Beraz, sindikatuaren ustez, aro berri bat hasiko da, baina ez ditu sintonia horretan ikusten gobernuak eta patronalak, eta argi du Confebaskek ez duela akordio sozialik nahi: «Gastu publikoa handitzeko eskatzen dutenean, diru publikoa enpresa pribatuen eskuetan jartzeaz ari dira».
Azken egunetan Euskal Herrian hainbat enpresak iragarritako kaleratzeez ere jardun du Aranburuk. Haren iritziz, Gamesak, Tubacexek eta ITP Aerok murrizketarik gabe aurre egin diezaiokete egoerari, besteak beste, azken urteetan dibidenduak banatu dituztelako: «Gauzak egiteko modu horren helburua da langileen artean etsipena nagusitzea, azkenean borrokarako ahalmena ahuldu eta murrizketak onar ditzagun».
Tapiaren jarrera
Gainera, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak erakutsitako jarrera gaitzetsi du LABek; hark joan den astean esan zuen Tubacexena oso albiste txarra dela, baina errealismoz hartu behar dela: «Itxierak eta deslokalizazioak daudenean, albiste txar bat dela esaten du soilik, eta enpleguaren izenean soldata murrizketak zuritzen ditu». Tapiak beti patronalaren interesak defendatzen dituela kritikatu du Aranburuk.
Dena den, sindikatua negoziatzeko prest agertu da, baldintza batekin: enpresek enpleguari eusteko konpromisoa azaltzea. Gainontzekoan, enpresa bakoitzak dituen arazo koiunturalak aintzat hartzeko prest agertu dira, betiere egoera ohikora itzultzea baldintzak berreskuratzekotan: «Enpresek ez dituzte horrelako akordioak nahi izaten».