LABek akordioa babestu du, eta ELAk Bilduren jokaera kritikatu

Akordioa «garrantzitsua» den arren kutxen bat egitearen «lan gatazka» konpondu gabe dagoela gogorarazi du LABekAdministrazio kontseiluek gaur bozkatuko dute Bildurekin lortutako akordioa

Bilduko ordezkarien agerraldia, atzo, Bilbon, kutxek bat egiteko lortutako akordioari buruz. JON HERNAEZ / EFE.
I. Oiarzabal - J. Goikoetxea
Bilbo
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ñabarduren ordua da. Bilduren eta BBKren, Kutxaren eta Vitalen arteko akordioaren ostean, norbere burua kokatzekoa. Baietz, akordioa garrantzitsua dela, baina lan gatazkak konpondu gabe jarraitzen duela esan du LABek. Baietz, hasieratik egon dela kutxak banku pribatu bihurtzearen kontra, baina akordioarekin ziurtatu egin direla banku berriaren «kontrol politiko-soziala» eta gizarte ekintza. Bilduk esan du baietz, kutxak banku bihurtzea ez dela aukera onena, baina akordioarekin «jokalekua irauli» duela. ELAk nabarmendu du Bildu kutxak banku bihurtzearen kontra dagoela, baina horixe onartu duela. Eta EAJk, PSE-EEk eta PPk aitortu dute ona dela Bilduk bat egitearen alde egitea, baina ez dela hainbesterako.

LABentzat akordioarekin saihestu egingo da Kutxa Bank interes pribatuek zuzentzea. Urrats bat gehiago egiteko unea dela uste du: «Kutxen pribatizazioa saihesteko akordioa izanda, orain da momentua banka publiko bat eraikitzeari buruzko benetako eztabaida egiteko, proiektu hau norabide horretan jartzeko».

Bilduren parte hartzeak esanahi politiko argia duela nabarmendu du sindikatuak. Proiektua Bilduk ordezkatzen duen gizarteko sektorea baztertuz sortu zela dio, «herritarrei bizkarra emanda». Orain, ordea, akordioak egoera berri bat erakusten duela uste du: «Iruzurrezkoa zen mapa instituzionala aldatzearen ondorio zuzena da, eta etorkizunari begira gauzak beste modu batean egiteko aukerak ireki direla erakusten du».

ELA oso kritikoa da negoziazioarekin eta Bilduren jokaerarekin. «Kutxak banku bihurtzearen kontra zegoen Bildu, baina, azken finean, banku bihurtzea hitzartu du», esan zuen Adolfo Muñoz idazkari nagusiak atzo, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan. Negoziazioak ezkutuan egin dituztela salatu zuen, eta negoziazio prozesua «demokratikoki onartezina» dela.

Bilduko ordezkariek akordioa baloratzeko agerraldia egin zuten atzo, Bilbon. Bat etorri ziren herenegun Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak esandakoarekin.

«Jokalekua irauli»

Josu Ruiz Donostiako alkateorde eta Kutxako bigarren presidenteordearen arabera, akordioa «oso positiboa» da, «jokalekua erabat irauli» duelako.

«Pribatizazioari ate guztiak itxi dizkiogu», hori da Bilduk atzo nabarmendu zuen ideia. Horrela, Bildu negoziazioan sartu aurretik pribatizaziorako ate guztiak zabalik zeudela eta akordioak «arrisku guztiak uxatu» dituela esan zuten: «Horregatik diogu akordioa ona dela, nahiz eta bankua sortzea ez izan aukerarik egokiena».

Bilduko ordezkariek ez zuten zehaztasunik eman akordioari buruz. Kutxetako administrazio kontseiluak bildu arte itxaron nahi dute. Gaur batzartuko dira administrazio kontseiluak.

Ruizek pribatizazioa saihesteko hitzartutako zenbait neurriren berri eman zuen. Kutxetako batek bere partaidetzaren zatiren bat saldu nahi izanez gero, hiru kutxetako batzarrek onartu beharko lukete. Ez zuen zehaztu zenbateko babesa beharko den horretarako. Gainera, beste kutxek «autokartera» egin ahal izango lukete, hau da, partaidetza hori berentzat gorde, akzioei beren eskuetan eusteko.

Horrez gain, Bilduko ordezkariek nabarmendu zuten akordioarekin gizarte ekintza mugarik gabe bermatua geratzen dela eta langileek, hala bozkatzen badute, lan itun propioa izango dutela.

«Bilduk arduraz jokatzea erabaki zuen, eta horregatik heldu zion negoziazioari», Ruizen esanetan. «Sortu den entitatea ezin delako utzi pribatizazio egoeretan murgil dadin». Horrela, proiektu estrategikoek eztabaida zabalak eta batez ere akordio pluralak behar dituztela defendatu zuen.

Bilera sindikatuekin, gaur

Bilduren babesarekin kutxen bat egitea ziurtatuta dago, babes politikoa espero baino handiagoa da, baina oraindik bat egiteak langileengan izango dituen aldaketak hitzartzea falta da. Gaur egingo dute bilera kutxetako eta sindikatuetako ordezkariek, Bilbon,BBKren eta Vitalen batzar nagusien bezperan.

LABentzat Bilduren eta kutxetako arduradunen arteko akordioa «garrantzitsua» da, baina, badaezpada, «lan gatazkak» bere horretan jarraitzen duela gogorarazi du. Konpondu gabe bai, baina aldaketa nabarmenarekin: Bilduren arabera, kutxek konpromisoa hartu dute Hego Euskal Herriko langileek erabakitzen duten lan harremanen negoziazio eremu geografikoa errespetatzeko. ELAk eta LABek hori eskatu izan dute, baina kutxek ezetz erantzun diete orain arteko bileretan.

Gaurko bileran egiaztatuko dute ea hala den eta, hala bada, nola egingo duten. Bestelako hainbat gai ere bideratu beharko dituzte: kaleratzeak, erretiro aurreratuak, lanpostu aldaketak... Xabier Iturbe Kutxako presidenteak herenegun zehaztu zuen mila langile inguruk erretiroa hartuko dutela datozen zazpi edo zortzi urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.