LAB ez dago grebetan. Argumentu hori erabili izan du ELA sindikatuak LABekiko aliantza estrategikoa bideratzeko traben inguruan hitz egiterakoan. Eta gatazketan ez badago, zaila dela bien arteko sinergiak batzea. LABek gaur goizean argumentu horri aurre egiteko datuak eman ditu, amaitzera doan ikasturtean 120 borrokatan parte hartu dutela argudiatuta. Borroka horietatik 64 kasutan greba erabili da, eta 85 borroka itxita daude egun. Hau da, ikasturte honetan abiatutako borroken %71 itxi dira, eta baloratu egin dira, gainera. Gatazka horien %22, gainera, sektore feminizatuetan izan dira.
Datu horiek eskuan, Aranburuk esan du ELAk erabiltzen duen argudioa “gezurra” dela, eta “aitzakia bat” dela LABekiko aliantzan ez sakontzeko. Alde horretatik, bi sindikatuen arteko harremanak apurtuta daude, “eta ez dirudi hobetuko direnik, ez behintzat hauteskunde sindikalak igaro arte”. Hala ere, Aranburuk onartu du aliantza horren beharra “inoiz baino beharrezkoagoa” dela. “Egungo egoeran ezin da ulertu nola ez dugun harreman horretan sakontzen”.
Bide horretan, LABek kontrabotereko sindikatu izaten jarraituko duela aurreratu du idazkari orokorrak, borrokaren beharra nabarmenduz. Eta, horren haritik, sindikatuak joan den astean Borroka Kutxa indartzeko hartutako neurriak azpimarratu ditu. “Greba ezinbesteko tresna bat da, eta horiei aurre egiteko beharrezko tresna bat da”.