Lan gatazkak

LABek auzitara eraman du Michelinen ezarritako malgutasun sistema

Orain urtebete, enpresa ituna sinatu zuten CCOOk eta UGTk, Aranda de Duero eta Valladoliden (Espainia) duten ordezkaritza inposatuz. Sindikatu abertzaleak dio gaixo baimena urratzen duela sistemak.

jarraia90503.jpg
xabier martin
2014ko apirilaren 3a
11:10
Entzun

Michelin beti izan da abangoardia lanaldiaren malgutasunari begira, baina oraingo hau izugarrikeria da". Jon Martin Lasarteko Michelin plantako ordezkariak ez du zalantzarik. "Iaz Espainiako CCOOk eta UGTk ekarri ziguten malgutasun sistemak legea urratzen du". Tesi horrekin bat Madrilgo Auzitegi Nazionalean salaketa jarri du LAB sindikatuak, itunak jasotzen duen langile bakoitzaren lan poltsaren sistemarekin lotutako prozedura bat tarteko.

3.600 langilek dihardute Michelingo Lasarte eta Gasteizko plantetan, 550 Gipuzkoan eta 3.100 inguru Araban. Behargin bakoitzak bere oinarrizko lanaldia dauka, eta hortik kanpo 20 eguneko lan poltsa bat enpresaren alde, hark nahi duenean erabiltzeko. Hau da, zuzendaritzak lan poltsa hori nahi erara balia dezake langileari une jakin batean lanera joan behar duela esateko, edota etxera bidaltzeko. "Honek praktikan ekartzen du lan erregulazio partikularrak dauzkala eskura zuzendaritzak, langile bat 15 egun etxera bidal dezakeelako bere irizpideen arabera", dio Martinek.

Beharginak bajan daudela ere enpresak lan poltsa hori aktibitatu dezakeelako jo du sindikatuak, ordea, auzitara. "Baja hartuta duen beharginak lanera itzultzean ikus dezake enpresarekin zorretan dagoela, egun horietan lan poltsaren egunak aktibatu dizkiotelako". Hori legez kanpokoa dela dio LABek, eta horregatik jarri dute salaketa. 

Zentro arteko batzordea 

Orain urtebete sinatu zuen langile batzordeak enpresa hitzarmena Michelin multinazional frantsesaren zuzendaritzarekin. Zentro arteko batzordean negoziatu zen hura, eta organo horretan CCOOk eta UGTk duten nagusitasuna inposatu zuten. Lasarten LABek dauka ordezkaritza gehien, baina zentro arteko batzordeak sinatutakoaren menpe geratu zen. "Sinatu zutena soldataren galera ekarriko zuela iragarri genuen orduan, eta dagoeneko betetzen ari da. Soldata plusetan %40 arteko galerak gertatu dira, eta urteko lanaldia luzatu egin da".

Michelinen asmatutako lanaldi malgua hain da konplikatua, ezen langileak ere oraindik ez baitute ongi ulertu. "Gauza batzuk unean uneko interpretazioaren menpe geratzen dira, baina ideia bat egiteko, 79 egutegi desderdin egon daitezke", dio Jon Martinek; "langile batek bere oinarrizko lanalditik aparte 20 egun gehiago egin ditzake edo 30 gutxiago; dena zuzendaritzaren unean uneko nahien menpe geratzen da".

Orain, "CCOO eta UGTren ezinbesteko laguntzaz" Michelinek ezarritako sistema malgua kolokan jarri nahi du LABek Madrilera eraman duen salaketarekin. Michelinek Euskal Herrian eta Espainian dituen lantegien arteko batzordean onartutako itunaren barruan dagoenez, Madrilgo Auzitegi Nazionalean aurkeztu behar izan du sindikatu abertzaleak salaketa hori. "Juridikoki sendoa da, arrazoitua, eta konfiantza dugu aintzat hartuko dela". Sistemak langilea gaixo baimenean dagoen unea ez duela errespetatzen da salaketaren oinarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.