Lantokiko genero diskriminazioa salatzeko 2008ko greba batean parte hartu zuten 21 langile kaleratu nahi ditu Indusal Arrigorriagako garbitoki enpresak, LABek gaur esan duenez. Honen arabera, lanpostu erregulazio bat baliatuz 25 behargin kanporatu nahi ditu, eta 25 horietatik 21 lanuztea egin zutenak dira —25ak emakumeak dira—.
2008ko udaran egin zuten greba, hilabete eta erdikoa. LABek sustatu zuen, emakume langileek gizonezkoen aldean, lan bera egiteagatik, 300 euro gutxiagoko soldata jasotzen zutelako. Enplegua lortzeko diskriminaziorik ere bazen bi sexuen artean, baita jai hartzeko egunetan ere, sindikatuak dioenez: gizonezko langileek baino ezin zitzaketen larunbatak jai hartu.
LABek "eraso eta koldarkeria" gisa hartu du Indusalen neurria. "Horren aurka borrokatuko gara".
Gaur egun 165 langile dauzka enpresak, eta horietatik 53k egin zuten greba.